Itxi

Ekialde Hurbila

50 pertsona hil eta 170 zauritu ditu Israelek Gazan azken orduetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eraso bortitzenean, 33 lagun hil eta 80 zauritu ditu. Ostegunean gertatu zen, postetxe baten aurka, Nuseirat errefuxiatu gunean.

Soldadu israeldarrak Gazan. Argazkia: EFE

Gutxienez 55 pertsona hil eta 170 zauritu ditu Israelek Gazako Zerrendan azken orduetan egindako erasoetan, ospitaleetan egindako eta Osasun Ministerioak zabaldutako zenbaketaren arabera.

Gerra duela 14 hilabete baino gehiago hasi zenetik, 44.930 lagun hil eta 106.624 zauritu ditu Israelek, eta osasun agintarien ustez, 11.000 pertsona daude hondakin artean desagertuta.

Eraso bortitzenean, 33 lagun hil eta 80 zauritu ditu. Ostegunean gertatu zen, postetxe baten aurka, Nuseirat errefuxiatu gunean. Hilotzak, baina, ostiral gauerdian hasi ziren iristen ospitaleetara; horregatik sartu dituzte gaurko zenbaketan, Osasun iturri gazatar batek jakinarazi duenez.

Ordudanik, Israelgo indarrek Gazako Zerrendako beste hainbat tokitan egin dituzte erasoak, Gaza hiriko Mayila Wasida eskolan adibidez; 7 pertsona hil dituzte bertan. Bestalde, Deir al-Balahren eraikinari ere egin diote eraso, eta 10 pertsona hil dituzte bertan.

Gutxienez lau haur hiltzen dira egunero

UNICEFek salatu du gutxienez lau ume hiltzen dituela Israelek egunero Gazako Zerrendan.

UNICEFeko zuzendari exekutibo Catherine Russellen esanetan, adingabeak dira sarraskia garestien ordaintzen ari direnak, "gatazkaren hasierarekin zerikusirik ez badute ere" eta "horri bukaera emateko botererik ez duten arren".