Itxi

EKIALDE HURBILA

EBk, AEBk, Turkiak eta arabiar herrialdeek trantsizio baketsua eskatu dute Sirian

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

"Tratsizio gobernu bat" osatzea aholkatu, eta Israelek Golango gainetan egin duen inbasioa kritikatu dute. Bien bitartean, Israelek bonbardaketak egiten jarraitzen du.

Agintarien batzarra Aqaban. Argazkia: EFE

Arabiar Ligako zortzi herrialdek eta Europar Batasuneko, AEBko eta Turkiako diplomazialari nagusiek zortzi puntuko adierazpen bat adostu dute Jordanian, Aqaba hirian, Siriako agintari berriei trantsiziorako aholku eta gomendioak emateko eta laguntza eskaintzeko.

Adierazpen horrek "Siriaren adostasuna duen trantsizio gobernu unibertsala" osatzea azpimarratu du, "sistema politiko berri baterantz 2254 Ebazpenak zehazten dituen pausoak" ezartzeko, hauteskunde "libre eta justuak" egite aldera.

Ordu batzuk lehenago, Arabiar Ligako ministroek eskatua zuten Nazio Batuen Erakundeak misio bat abiatzea Baxar al-Assad presidente ohiaren agintaldia amaitu osteko trantsizio prozesuari ekiteko, Hayat Tahrir al Sham talde jihadistako agintari berriekin batera.

Horren harira, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak baieztatu du hasi direla kontaktuak talde jihadistarekin, Washingtonek terroristatzat duen taldearekin, hain zuzen. "Siriarrei bidaltzen diegun mezua hau da: arrakasta izan dezatela nahi dugu, eta laguntzeko prest gaude", azpimarratu du Blinkenek.

"Aro berri honek elkarrizketa nazional osoa eskatzen du, eta siriarren arteko elkartasuna maila guztietan, sekta, indar politiko eta sozialen artean", adostutako idatzian agertzen denez.

Era berean, "erabateko elkartasuna" agertu diote herrialdeari, eta horren "batasuna, lurraldearen osotasuna, subiranotasuna, segurtasuna eta egonkortasuna" defendatu dituzte.

Era berean, "siriar errefuxiatuak itzul daitezen bizi eta segurtasun baldintzak sortzeko behar duten laguntza" emateko prest agertu dira.

Testuaren beste puntu garrantzitsuenetako bat Israelek Golango gainetan egindako inbasioaren salaketa da. Sinatzaileen ustez, Israelek ez du arrazoirik horretarako, eta ez dute ontzat ematen muga defendatzeko neurria dela esan izana.

Amaitzeko, "Siria berreraikitzea" eskatzen dute, eta estatu horretan "terrorismoak eta muturreko indarrek tokirik ez edukitzea eta bere subiranotasuna edo lurraldearen osotasuna inork ez urratzea".

Israelen bonbardaketak

Bien bitartean, eskakizunei entzungor eginez, Israelgo Armadak helburu militarrak bonbardatzen jarraitu du larunbatean, Damasko hiriburuan eta herrialdearen hegoaldean.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zehaztu du aireko erasoek base militarrak izan dituztela jomugan, "aurreko erregimeneko Armadaren armak suntsitzeko".

Mahajjahko eta Qasioun mendiko base militarretan izan dira erasoak, hain zuzen, eta guztira 446 eraso egin ditu Israelek Al-Assad agintetik kendu zutenetik. Israelek esan du arma horiek agintari berrien eskuetan ez erortzeko egin dituztela bonbardaketak.

Albisteak (4)