HONDAMENDI NATURALA
Mayotte uharteetan izandako hondamendiari aurre egiteko neurriak aktibatu ditu Frantziako Gobernuak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Chido zikloiak aurrekaririk gabeko txikizioa eragin du Mayotte artxipelagoan. Hildakoak "ehunka" izan daitezkeela uste dute agintariek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziak mende honetan bizi izan duen hondamendi natural handiena utzi zuen larunbatean Chido zikloiak Mayotte artxipelagoan, Indiako Ozeanoan. Uharteak erabat hondatuta geratu dira; lehen aurreikuspenen arabera, hildakoak "ehunka" izan daitezke eta kalte materialak, berriz, kalkulaezinak dira. Haize ufadek orduko 230 kilometroko abiadura harrapatu zuten, zenbait unetan.
FranceInfo hedabideari egindako adierazpenetan, François-Xavier Bieuville Mayotteko prefetak esan du hildakoen kopurua milara iritsi daitekeela, eta kalte materialak milaka milioikoak direla. Une honetan, 100.000 herritar inguru argindarrik gabe daude uharteetan.
"Erabateko hondamendia". Hitzok erabili ditu Ambdilwahedou Soumaila Mayotteko alkateak gertatutakoa deskribatzeko. "Inoiz ez dugu halakorik bizi izan. Egoera benetan zaila da", azaldu du.
Mayotte Frantziako itsasoz haraindiko departamendua da, eta Afrikako hego-ekialdeko uhartedi batean dago kokatuta. 320.000 biztanle inguru ditu, eta Frantziako departamendurik txiroena da.
Larunbatetik, Mamoudzou hiriburuan dagoen aireportua itxita dago, eta errepide nagusiak ere blokeatuta daude. Argindarrik eta edateko urik gabe dago artxipelagoaren zati handi bat, eta Frantziako Gobernuak hainbat neurri aktibatu ditu, egoerari aurre egiteko: besteak beste, 800 polizia, laguntza humanitarioa eta erreskate taldeak bidaltzen hasi dira uharteetara.