Okupazioa
Zergatik dira horren garrantzitsuak Golango Gainak Israelentzat?
EITB MEDIA
Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerran bereganatu zuen Siriako goi-lautada estrategikoaren zatirik handiena, eta 1981ean anexionatu zituen. NBEk legez kanpokotzat jotzen du okupazio hori, baina Israelek plan bat onartu berri du eremu horretan kolono kopurua handitzeko.
Israelgo Gobernuak aurrera egin du Golango Gainak legez kanpo okupatzen jarraitzeko. Izan ere, joan den igandean plan bat onartu zuen gutxi gorabehera 50.000 biztanle bizi diren 30 kokaguneetako populazioa bikoitzeko. Horietan juduak bizi dira, baina baita arabiar druzoak ere. Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerran hartu zuen Siriako goi-lautada estrategiko gehiena, eta 1981ean anexionatu zuen.
Orain, Al-Assadek joan den abenduaren 8an Siriatik ihes egin ondoren, tropa israeldarrak Siriaren barruko eremu desmilitarizatu batera sartu ziren, Hermon mendi estrategikoaren Siriako aldera ere. Damasko ondoan dago mendia, eta bertan dagoen Siriako postu militar abandonatu bat hartu dute.
Baina zergatik ditu hainbeste interes Israelek inguruan?
Abantaila estrategikoa. Golango Gainek 2.800 metrorainoko garaiera dute eta, ondorioz, Siriako mugimenduak kontrolatzeko puntu altua dira. Damasko hiriburua kontrolatzeko aukera ere ematen du, 60 kilometrora dago eta. Inguruaren orografia, gainera, eraso militarren aurkako hesi naturala da.
Ur-baliabideak. Ingurua Israelgo ur-iturri nagusietako bat da, guztizko kontsumoaren herena Golango arrotik baitator.
Lur emankorra. Lur bolkanikoak oso emankorrak dira, eta, beraz, leku ezin hobea dira nekazaritzarako.
Jolas- eta turismo-erabilera. Era berean, Israelek duen eski-estazio bakarra Golanen dago, zehazki, Hermon mendian.
Legez kanpoko kokaguneak
NBEk uste du Israelek Siriari okupatutako Golango kokaguneak legez kanpokoak direla, eta 1974an Siriak eta Israelek bi herrialdeen arteko 70 kilometroko banaketa eremu bat ezarri zuten, NBEren indarrek patruilatu eta zaindu dutena.
Siriak eta Israelek elkarrekin harremanak izan dituzte azken hamarkadetan, bi aldeen arteko bake-akordioa lortzeko. Horietan, besteak beste, Siriak lur horiek berreskuratzea eskatu izan du. Hala ere, elkarrizketak amaitu egin ziren 2011n Siriako gerra zibila piztu zenean, eta tentsioa areagotu egin da AEBk 2019an Israelek okupatutako lur-eremuaren subiranotasuna onartu zuenean.