Itxi

PELICOT AUZIA

20 urteko kartzela zigorra ezarri diote Dominique Pelicot akusatu nagusiari, eta kargu guztiengatik errudun jo

EITB Media

Leer en Castellano

Frantzian bortxaketagatik ezar daitekeen zigorrik handiena da, eta Dominique Pelicoten abokatuak ez du baztertzen apelazioa aurkeztea. Halaber, gainerako 50 auzipetuak 3 eta 15 urte arteko kartzela zigorrera kondenatu dituzte. Gisèle Pelicotek epaia errespetatzen duela adierazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hilabetez luzatu den Pelicot auzia amaierara iritsi da. Avignongo Zigor Auzitegiak 20 urteko kartzela zigorra ezarri dio Dominique Pelicot akusatu nagusiari (Frantzian bortxaketagatik ezar daitekeen zigorrik handiena), eta leporatzen zizkioten kargu guztiengatik errudun jo. Dominique Pelicotek hamar urtez Gisèle Pelicot emaztea konortea galtzeraino drogatu zuen berak eta beste gizon batzuek bortxatzeko.

Gainerako 50 akusatuak ere errudun jo ditu auzitegiak, horietatik 47 bortxaketa delituagatik zigortu ditu, eta gainerakoak bortxaketa ahaleginagatik edo sexu erasoengatik. Hala ere, zenbait kasutan Fiskaltzak eskatutakoak baino zigor arinagoak ezarri dizkie epaimahaiak.

Guztira, epaimahaiak 400 urtetik gorako zigorrak ebatzi ditu, Fiskaltzak egindako 652 urteko eskariaren azpitik.

Dominique Pelicotek (72 urte) zigorraren bi herenak bete beharko ditu, baina ostean baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera izango du.

Beste 50 akusatuei dagokienez, Avignongo Zigor Auzitegiak 63 urteko gizon bati 15 urteko kartzelaldia egotzi dio biktimari sei sexu eraso egiteagatik. Dena den, 18 urte eskatzen zituen Fiskaltzak.

Pelicoten dizipulu gisa ezaguna den Jean-Pierre Marechali, berriz, 12 urteko kartzela zigorra ezarri diote, Fiskaltzak 17 urte eskatu arren.

Gainerako akusatuei, berriz, 3 eta 12 urteko zigorrak ezarri dizkiete. Hala ere, horietako sei aske geldituko dira, zigorrak betetzetik salbuetsita daudelako edo behin-behineko espetxealdian egon diren denboran bete dutelako.

Aldeek 10 eguneko epea dute helegitea edo apelazioa aurkezteko.

Atsekabea eta errespetua

Epaia ezagutu ostean egindako lehen balorazioan, Beatrice Zavarro Dominique Pelicoten abokatuak ez du baztertu apelazioa aurkeztea. "Ezin dugu Justiziaren erabaki bat kritikatu, baina epaia apelatu dezakegu eta hamar egun ditugu aurretik epaiketa errepikatu ala ez erabakitzeko", esan du defentsa abokatuak kazetarien aurrean.

Zavarroren arabera, bere bezeroa "orkestra zuzendari" eta gainerako 50 akusatuak "bigarren mailako musikari" balira bezala irudikatu dituzte. "Epaimahaiak nire bezeroa eta gainerako musikariak bereizi ditu", gaineratu du.

Gisèle Pelicot, epaia baloratzeko kazetarien aurrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Gisèle Pelicot biktimak, bere aldetik, epaia errespetatzen duela adierazi du eta sexu erasoen "aitortu gabeko biktimak" gogoan izan ditu. 72 urteko emakumea 13:00ak aldera agertu da Avignonen epaiaren irakurketa jarraitu duten kazetarien aurrean.

Emozio "oso sakona" sentitzen duela azaldu du, eta epaiketa berarentzat "oso proba zaila" dela gehitu aurretik. Edonola ere, ez du epaiketa publiko egin izanaren damurik. Halaber, eskerrak eman dizkie prozesu guztian zehar lagundu dioten guztiei.

Bestalde, esker onak izan ditu abokatu, kazetari, biktima elkarte eta familiarentzat, hiru seme-alabak eta lau bilobak barne. "Beraiek dira etorkizuna eta beraiengatik eraman dut borroka hau aurrera ", gaineratu du.

Auzitegitik irtendakoan kanpoan bilduta zeudenek "Eskerrik asko, Gisèle!" oihukatu diote.

Epaiak atsekabea eragin du Avignongo Zigor Auzitegiaren kanpoko aldean elkartu direnen artean, emakumeak, gehienak. Besteak beste, adierazi dute justiziak "lotsa" sentiarazten diela.

Roger Arata Avignongo Zigor Auzitegiko presidentea 09:45ean hasi da Pelicot auziko epaia irakurtzen, lehenik eta behin akusatuetako bakoitza errudun den ala ez ebatzi du —Dominique Pelicot akusatu nagusiarekin hasita— eta ondoren kartzela zigorrak ezagutarazi ditu.

Fiskaltzak 650 urte arteko kartzela-zigorra eskatu zuen azaroaren 27an, 72 urteko biktimaren aurkako bortxaketengatik eta sexu-erasoengatik. Gisèle Pelicot ikur feminista bihurtu da, epaiketa publikoa izatea erabakitzeagatik, "lotsa aldez alda dadin".

Dominique Pelicot senar ohiak epaiketaren hasieratik delitu guztiak aitortu zituen, eta bere fantasia "emakume intsumiso bat menderatzea" zela ziurtatu zuen saioetan.

Abusuak egin zizkion, eta emakumea hiltzeko arriskuan jarri zuen 2011tik 2020ra, drogatuz eta beste gizon batzuk bortxatzera gonbidatuz.

Era berean, beste akusatu batek, Jean-Pierre Marechalek, delituak onartu zituen epaiketan, nahiz eta inoiz ez zuen Gisèle Pelicot ukitu; aitzitik, akusatu nagusiaren metodoak emazteari aplikatu zizkion, eta emakume hori ere antsiolitikoen eraginpean bortxatu zuten bi gizonek.

Fiskaltzak eskatutako zigorrik txikiena, 4 urtekoa, sexu-erasoa bakarrik leporatzen zaion gizon bati egotzi zaio, bortxaketa-kargurik gabe.

Gainerakoentzako (27 eta 74 urteko adin tarteko gizonak) 10 eta 20 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte bortxaketa larriagoagatik.

Pelicot auzia

Avignonen irailaren 2tik epaitu diren erasoak 2011ko uztail eta 2020ko urri bitartean gertatu ziren, lehenik Paris eskualdean eta, 2013tik aurrera, erretiroa hartutakoan eta etxez aldatu ondoren, Mazanen, Avignonetik gertu dagoen 6.000 biztanleko herri batean (Frantziako hego-ekialdean).

Dominique Pelicot beste gizon batzuekin harremanetan jartzen zen lineako plataforma batean, eta etxera gonbidatzen zituen, biktimari antsiolitiko dosi handiak eman ondoren. Drogek konorterik gabe uzten zuten emakumea, eta, horri esker, bortxatu egiten zuten, bera konturatu gabe. Hurrengo egunetan, mina eta bestelako sentsazioak izaten zituen, baina ez zekien zer gertatu zitzaion.

2020ko irailean amaitu ziren erasoak. Dominique Pelicot Carpentrasko supermerkatu batean emakume batzuen gonazpiak grabatzeagatik atxilotu zuten, eta haren artxibo informatikoak miatzean, biktimak jasandako bortxaketak agertzen ziren milaka bideo eta argazki aurkitu zituzten ikertzaileek.

Dominique Pelicot, akusatu nagusia, genero-indarkeriako beste bi kasutan ere dago inputatuta: 1991n emakume bat bortxatu eta hiltzeagatik eta 1999an arma zuriz emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. DNA probei esker identifikatu zuten.

Bideoak (1)