Atentatua Alemanian
Bost pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu dira Magdeburgen izandako harrapaketan
agentziak | eitb media
Autoaren gidaria atxilotu egin dute, eta gertatutakoa eraso terrorista gisa ari dira ikertzen. Arrazoi islamofoboak egon daitezke erasoaren atzean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bost dira jada Magdeburgeko (Alemania) gabonetako azokan izandako harrapaketan hildakoak, eta zaurituak 200 baino gehiago dira, dozenaka zauritu larri tartean.
Hildakoen artean gutxienez adingabe bat dagoela jakinarazi zuen Reiner Haseloff Saxonia-Anhalteko lehen ministroak erasoa gertatu zen lekuan bertan.
Poliziak harrapaketa egin zuen autoaren gidaria atxilotu zuen, 2006tik Alemanian bizi den Saudi Arabiako mediku bat da, Taleb Al Abdulmohsen izeneko psikiatra, eta gertatutakoa eraso terrorista gisa ikertzen ari dira. Bertako hedabideek zabaldu duten informazioaren arabera, arrazoi islamofoboak egon daitezke erasoaren atzean.
Der Spiegel aldizkariak eta Frankfurter Rundchau egunkariak, besteak beste, zabaldu dutenez, atxilotuak fede musulmana utzi zuenetik bat egin du ultraeskuinaren mezurik erradikalenekin, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarraren aldekoa da eta Alemaniako Gobernuari mugimendu islamiarraren konplize izatea egozten dio eta Angela Merkeli Europa islamizatzeko balizko plan batekin bat egitea.
DPA agentziaren arabera, Alemaniako agintariek ohartarazpena egin zuten duela urtebete gizon honen inguruan, horren jarrera erradikalak zirela eta.
Tamara Zieschang Barne ministroaren hitzetan, erasotzailea Bernburgen bizi da, erasoa izan den hiritik 50 kilometrora, eta bakarrik aritu da erasoan.
19:00ak pasatxo zirenean izan zen harrapaketa. Gizonak gabonetako azoka zeharkatu zuen, 400 bat metroan jendea aurrean eramanez, Municheko matrikula zuen alokatutako auto batekin.
Magdeburgeko gabonetako azoka. Argazkia: EFE
Duela 8 urte, 2016ko abenduaren 19an, kamioi batek azoka baten aurka egin zuen Berlinen, eta 13 pertsona hil zituen. Erasotzaileak Italiara ihes egin zuen, eta Poliziak tiroz hil zuen bertan.
Olaf Scholz kantzilerrak kezka agertu du X sare sozialean: "Magdeburgetik datozen informazioak oso larriak dira. Biktimak eta horien senideak ditut buruan une honetan".
Die Meldungen aus Magdeburg lassen Schlimmes erahnen.
— Bundeskanzler Olaf Scholz (@Bundeskanzler) December 20, 2024
Meine Gedanken sind bei den Opfern und ihren Angehörigen. Wir stehen an ihrer Seite und an der Seite der Magdeburgerinnen und Magdeburger. Mein Dank gilt den engagierten Rettungskräften in diesen bangen Stunden.
Scholz: "Ezin gara gorrotoan erori"
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak atentatua "izugarrikeria" izan dela salatu du, eta une honetan "batuta" egoteko deia egin die alemaniarrei. Scholzek esan du Alemaniak batuta egon behar duela gertatutakoaren aurrean, eta ez duela utzi behar gorrotoa nagusitzen eguneroko bizitzan.
"Ez dago bakea gabonetako azoka txiki batek bezainbeste ordezkatzen duen lekurik. Zer ekintza barbaroa den bertara jendea hiltzera joatea", esan du Scholzek atentatua izan zen lekuan bertan, Reiner Hasseloff Saxonia-Anhalt estatu federatuko lehen ministroa ondoan zuela.
"Une honetan elkartuta egon behar dugu, ezin gara gorrotoan erori", gaineratu du.