EZBEHARRA Kazakhstanen
Ukrainak Errusia seinalatu du istripuagatik, eta Kremlinek, berriz, presazko hipotesiak egiteaz ohartarazi du
EITB Media
Bestalde, NATOk ezbeharraren inguruko "ikerketa osoa" egitea eskatu du ostegun honetan.
Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluak adierazi duenez, astezkenean istripua izan zuen Azerbaijan Airlines konpainiako hegazkina Errusiako defentsa-sistemak kaltetua izan zen. Ezbeharra Aktatunen (Kazakhstan) izan zen, eta 38 pertsona hil ziren eta beste 30 zauritu.
Hegazkina Azerbaijan hiriburuaren, Baku, eta Grozni, Errusiako Txetxenia eskualdeko hiriburuaren arteko bidea egiten ari zen. Hegaldia hasi eta bi ordura, aireontziak larrialdiko lurreratzea eskatu zuen. Groznin lurreratzea ukatu zioten lainoa zela eta. Ondorioz, lehenik Majatxkalara desbideratu zuten, Dagestan errusiarrean, eta gero Aktaura.
Groznin Errusiako aireko defentsa ustez martxan zegoen une batean gertatu da. Ukrainako agintarien azken bertsioak susmo horiek baiezta ditzake neurri batean.
NATOk gertatutakoari buruzko "ikerketa osoa" egitea eskatu du ostegun honetan. "Gure pentsamenduak eta errezoak Azerbaijan Airlineseko J28243 hegaldiko familiekin eta biktimekin daude. Istripuan zauritutakoak lehenbailehen sendatzea nahi dugu, eta ikerketa osoa eskatzen dugu ", esan du Farah Dakhlallah NATOko bozeramaileak X sare sozialean.
Bestalde, Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ohartarazi du "okerra" dela hegazkin istripuaren arrazoiei buruzko hipotesiak presaka formulatzea.
Istripuaren arrazoia ikertzen ari dira. Informazio batzuen arabera, txori talde batek aireontziaren aurka talka egin ondoren gertatatu zen ezbeharra; beste komunikabide batzuen arabera, berriz, oxigeno-bonbona bat lehertu zen hegazkinean, eta pilotuek aparatuaren kontrola galdu zuten. Hegazkinaren kutxa beltzak tragediaren lekuan aurkitu dituzte, Kazakhstango iturri ofizialek jakitera eman dutenez.