Ekialde Hurbila

Israelek AEBrekin koordinatu ditu Gazaren aurkako erasoak, eta 400 pertsona baino gehiago hil ditu dagoeneko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

David Mencer Israelgo Gobernuaren bozeramaileetako batek esan duenez, erasoek jarraitzen dute oraindik. Estatu sionista, "hemendik aurrera, Gazaren aurka arituko da gero eta indar militar handiagoarekin", ohartarazi du. Hildako gehienak haurrak eta emakumeak dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israelgo agintariak "erabat" koordinatu dira Ameriketako Estatu Batuekin, Gazako Zerrendaren aurkako erasoak berriro hasi aurretik, David Mencer Israelgo Gobernuaren bozeramaileetako batek gaur prentsaurrekoan baieztatu duenez.

"Israelek eskerrak eman dizkio (AEBko) presidenteari. Trumpek eta bere Administrazioak Israeli arrakalarik gabe emandako babesa, bahituak askatzeko konpromisoa eta Israelen segurtasuna bermatzea", ziurtatu du Mencerrek.

Mencerrek esan du erasoek oraindik jarraitzen dutela, eta estatu sionistak, "hemendik aurrera, Gazaren aurka gero eta indar militar handiagoarekin" egingo duela.

Hildako gehienak, umeak eta emakumeak

Israelgo Armadak su-etena hautsi ostean iritsi da mezua, palestinarren lurraldearen aurkako bonbardaketa-oldea martxan jarri eta 400 pertsona baino gehiago hil baititu, gehienak emakumeak eta haurrak. Gainera, 560 pertsona baino gehiago zauritu dituzte Israelen erasoek.

Gutxienez, 174 hildako adingabeak ziren, eta 89, emakumeak, Gazako Osasun Ministerioak emandako balantzearen arabera. Guztira, hildakoen % 65 emakumeak eta umeak dira. Horiekin batera, 109 gizon eta adineko 32 pertsona hil dituzte.

Israelek gaurko erasoetan hil dituen ume palestinarrak. Argazkia. EFE

Israelek gaurko erasoetan hil dituen ume palestinarrak. Argazkia. EFE

Philippe Lazzarini Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarrentzat duen agentziaren (UNRWA) ordezkari nagusiak salatu du Israelen erasoek "infernua lurrean elikatzea" dakartzatela eta "etsipen eta sufrimendu gehiago" baino ez dutela ekarriko.

Lazzariniren ahotan, Israelek "herritarrak lo zeudela" egin du erasoa, eta bonbardaketen ondorioz "izua zabaldu da biztanleen artean".

Muhannad Hadi NBEk palestinarren lurralde okupatuetarako duen koordinatzaile humanitarioak "onartezintzat" jo du Israelen erasoa, eta "su-etena berehala berrezartzeko" deia egin du. "Gazako biztanleek sufrimendu imajinaezina pairatu dute", gaineratu du ohar batean.

Ayman al-Safadi Jordaniako Atzerri ministroak kritikatu duenez, erasoak berriz hastea "gaitzesgarria da", eta "ez du ezer konponduko".

Irango Gobernuak Ameriketako Estatu Batuei "zuzenean" leporatu die erasoen erantzukizuna, su-etenari amaiera ematen dion operazioa baita, eta "genozidio krimenari eta garbiketa etnikoari" jarraipena ematen diotela deitoratu du Teheranek.

Europar Batasunak (EB), oso profil baxuko erantzun batean, eskatu du "berehala" su-etenera itzultzeko. "Ezinbestekoa da su-etenera berehala itzultzea, bizitza gehiago galtzea eta suntsitzea saihesteko", nabarmendu du Hadja Lahbib Krisi Kudeaketa eta Berdintasun komisarioak sare sozialen bidez.

Belgikako politikariak adierazi duenez, "Gazako eskalada berria suntsitzailea da": "Herritar zibilek sufrimendu imajinaezina jasan dute. Honek amaitu behar du", berretsi du.

AEBk, bestalde, ziurtatu dute Hamasek "aukera" zuela "bahitu gehiago askatzeko eta su-etena luzatzeko, baina uko egin eta gerra aukeratu du".


 

Bideoak (1)