ukrainako Gerra

Trump eta Putin telefonoz mintzatu dira eta adostu dute su-etena azpiegituretan abiatzea

Agentziak | EITB Media

Kremlinek iragarri duenez, asteazken honetan Ukrainarekin 350 gerrako preso trukatu egingo dituzte. Hala ere, Putinek eskatu du Ukrainari atzerriko laguntza militarra eta inteligentzia informazioa erabat etetea.

Vladimir Putin Errusiako presidentea ekitaldi batean gaur, Moskun. Argazkia: EFE Vladimir Putin Errusiako presidentea ekitaldi batean gaur, Moskun. Argazkia: EFE

Vladimir Putin Errusiako presidentea ekitaldi batean gaur, Moskun. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur telefonoz egindako elkarrizketan adostu dutenez, bakerako bidea energiako eta azpiegituretako erasoak etenda hasiko da.

AEBko eta Errusiako presidenteek 90 minutu inguru eman dituzte Ukrainako gatazkaz eta bake negoziazioaz hitz egiten. Elkarrizketa telefonikoa 10:00etan (14:00, Euskal Herrian) hasi da, eta Errusiako hedabideen arabera, ordu eta erdi baino gehiago iraun du.

Etxe Zuriak zabaldutako elkarrizketaren laburpenaren arabera, Itsaso Beltzean su-etena ezartzeko negoziazio teknikoekin ere hasiko dira, erabateko su-etena eta bake iraunkorra lortzeko bidean, eta hartu-emanak "berehala" hasiko dira Ekialde Hurbilean.

"Bi buruzagiak bat etorri dira gatazka hau bake iraunkor batekin amaitu behar dela esatean. Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko aldebiko harremanak hobetzeko beharra ere nabarmendu dute. Ukrainak eta Errusiak gerra honetan xahutu duten dirua eta odola hobeto bideratuko lirateke euren herrien beharretan", esan du Etxe Zuriaren oharrak.

Errusiako presidenteak eskaut du Ukrainari atzerriko laguntza militarra eta inteligentzia informazioa erabat etetea. Putinek ziurtatu duenez, horiek "funtsezko baldintzak" dira gatazka areagotzea saihesteko eta gerrari konponbide politiko-diplomatikoa emateko.

Kremlinek jakinarazi duenez, Errusiako presidentea prest agertu da Washingtonekin Ukrainako gatazka konpontzeko bideak adosteko. Gainera, iragarri du asteazken honetan Ukrainarekin gerrako 350 preso trukatu egingo dituztela.

Ekialde Hurbila

Trumpek eta Putinek "luze eta zabal hitz egin dute Ekialde Hurbilari buruz, etorkizuneko gatazkak prebenitzeko lankidetza potentziala duen eskualde gisa. Gainera, arma estrategikoen ugaritzea gelditzeko beharrari heldu diote, eta beste batzuekin elkarlanean arituko dira, aplikazio zabalagoa bermatzeko. Biek esan dute Iranek ez lukeela inoiz Israel suntsitzeko gaitasuna izan behar", nabarmendu du Etxe Zuriak.

Bi presidenteak ados agertu dira "Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko aldebiko harreman hobea izango duen etorkizun batek abantaila handiak emango dituela". Besteak beste, oharraren arabera, "akordio ekonomiko nabarmenak eta egonkortasun geopolitikoa" etorriko dira, "behin Ukrainan bakea lortuta".