Gerra komertziala
Trumpek muga-zerga globalak iragarriko ditu gaur gauean, 'Askapen Eguna' izendatu duen jardunaldian
Agentziak | EITB Media
Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak berretsi du muga-zerga horiek "berehala" sartuko direla indarrean, eta pazientzia eskatu die estatubatuarrei, prezioen balizko igoeraren aurrean. "Funtzionatuko du", ziurtatu du.
Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidenteak bere muga-zerga globalak iragarriko ditu gaur, arratsaldeko lauretan, Washingtonen (22:00etan, Euskal Herrian), Wall Streeteko burtsa itxi ostean. 'Askapen Eguna' izena jarri dio Trumpek muga-zerga sorta iragartzeko jardunaldiari.
Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak berretsi du muga-zerga berri horiek "berehala" sartuko direla indarrean, eta pazientzia eskatu die estatubatuarrei, prezioen balizko igoeraren aurrean. "Funtzionatuko du", ziurtatu du.
Orain arte, altzairuaren eta aluminioaren inportazioen gaineko muga-zergak indarrean sartu dira, bai eta Mexiko, Txina eta Kanadako produktuen gainekoakaplikatutakoak ere, neurri desberdinean. Une honetan, egoera honako hau da:
Apirilaren 2an indarrean jarri beharko liratekeen muga-zergak:
- Indarrean sartuko da AEBra inportatutako auto guztien gaineko % 25eko zerga, baita AEBn fabrikatzen ez diren osagaien gainekoa ere. Mexiko eta Kanada ere osagaien kargatik salbuetsita daude.
- Aurreikuspenen arabera, T-MECek babestutako Mexikoko eta Kanadako produktuei muga-zergak ezarriko zaizkie.
- Nekazaritzako produktu, botika, mikrotxip eta erdieroaleen inportazioen gaineko muga-zergak ere indarrean sartzekoak dira. Baliteke kargak % 25 ingurukoak izatea.
- Venezuelari petrolioa (zuzenean edo hirugarren baten bidez) erosten dioten estatuei % 25eko muga-zergak ezarriko zaizkie. Martxoaren 30ean, AEBko presidenteak PDVSA petrolio enpresaren bazkideei (besteak beste, Repsoli) jakinarazi zien Venezuelatik petrolio gordina esportatzeko baimenak bertan behera geratu direla.
Petrolio-ontzi bat, Maracaibon (Venezuela). Argazkia: EFE
Iragarritako muga-zergak, baina zehaztu gabe eta/edo mehatxuak:
- AEBko produktuei zergak ezartzen dizkieten estatuei "elkarrenganako" muga-zergak ezarriko zizkiela iragarri zuen otsailaren 13an. Trumpek "aste" edo "hilabeteko" epea eman zion bere buruari. Ondoren, apirilaren 2tik aurrera aplikatuko direla zehaztu zen. Egun bat lehenago Trumpek txosten bat egingo du neurriak aletuta jasotzeko.
Muga-zerga horiek ez daude zehaztuta, eta zaila da zehaztea, Etxe Zuriaren arabera, desberdinak izango baitira AEBko bazkide komertzial bakoitzarentzat.
Ustez Trumpen helburua beste estatu batzuek AEBko produktuei eta zerbitzuei ezarritako zergak (adibidez, BEZa) muga-zergen bidez orekatzea da. Baita Estatuen dirulaguntzen kasuan ere, Washingtonen arabera, araudiek AEBko fabrikatzaileei kalte egiten baitiete.
- Otsailaren 21ean, Trumpek agindu bat sinatu zuen, AEBko enpresei tasa digitalak aplikatzen dizkieten estatuei muga-zergak ezartzeko mehatxua eginez.
- Martxoaren 13an, AEBko presidenteak esan zuen % 200eko zerga ezarriko dizkiela ardoari eta Europar Batasunetik esportatutako gainerako edari alkoholdunei, Bruselak AEBko whisky-inportazioak zergapetzeko duen asmoa dela-eta.
- Martxoaren 27an ziurtatu zuen prest dagoela muga-zerga "handiak" ezartzeko EBri eta Kanadari, baldin eta biek ekonomikoki elkarri laguntzen badiote AEBri kalte egiteko.
Dagoeneko indarrean dauden muga-zergak:
- Martxoaren 4tik aurrera:
% 25eko muga-zergak Mexikotik eta Kanadatik egindako inportazioei ( % 10ekoa, Kanadako produktu energetikoen kasuan). Karga horietatik salbuetsita daude, oraingoz, automobilgintza sektorea eta merkataritza askeko itunak (T-MEC) babestutako ondasunak.
% 10eko muga-zergak Txinako produktuei. Karga horri otsailektik indarrean dagoen % 10eko karga bat gehitu behar zaio.
- Martxoaren 12tik aurrera:
Munduko herrialde guztietako altzairu eta aluminioaren inportazioei % 25eko muga-zergak, baina Trumpek tasa hori % 50eraino igo zuen Kanadaren kasuan.
Auto berriak, Tilburyn (Erresuma Batua), aparkatuta. Argazkia: EFE
Estatu eta bloke komertzialen erantzuna:
- Europar Batasuna: Europako Batzordeak (EB) 26.000 milioi euroko balioa duten AEBko produktuen inportazioei muga-zergak modu mailakatuan aplikatuko dizkie, AEBk ezarritako kargei erantzuteko.
Hasieran erantzuna bi fasetan antolatu bazuen ere, joan den martxoaren 20an Bruselak iragarri zuen neurri guztiak apirilaren erdialdetik aurrera aplikatuko zituela.
Zergapetutako produktuak industrialak (altzairua, aluminioa, ehungintza, etxetresna elektrikoak...) eta nekazal produktuak (eskortako hegaztiak, behikiak, arrautzak, barazkiak eta itsaskiak) dira.
- Txina: Txinako Gobernuak bi neurri sorta ezarri dizkie AEBko produktue; bat, otsailaren 10ean, eta, bestea, martxoaren 10ean. Karga horiek % 10-% 15ekoak dira, eta petrolioari, gasari, ikatzari, kotoiari eta nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuei eragiten diete.
- Kanada: Kanadako Gobernua martxoaren 13tik aurrera 20.700 milioi dolarreko balioa duten AEBko produktu batzuk zergapetzen ari da, besteak beste, ordenagailuak, erremintak eta altzairua.
Kanadak altzairuaren eta aluminioaren gainean AEBk ezarritako muga-zergei erantzuteko erabiltzen dituen neurri horiek martxoaren hasieratik 19.170 milioi eurotan baloratutako produktuetan aplikatzen zituenei gehitzen zaizkie.
- Mexiko: Mexikok berretsi du negoziatzen ari dela tasak indarrean sar ez daitezen, eta Trumpen muga-zergak nola gauzatzen diren ikusi arte itxarongo du.