Itxi

Analisia

Euskadi berrabiaraziz

Iñigo Herce

Bilbo

Hiru zutabe izan ditu Legebiltzarreko saioak: krisi ekonomikoari nola aurre egin, bakea nola sendotu eta Euskadirentzako estatus berria nola hitzartu. Urkullu eta Mintegiren ereduak, aurrez aurre.

Eusko Legebiltzarraren hamargarren legegintzaldiaren hasierak herri normalizatu baten itxura eman du. Bi lehendakarigaiek aurrez aurre jarri dituzte euren egitasmoak. Buruz buru, herria gobernatzeko dituzten proiektu kontrajarriak entzun ahal izan dira. Egun herritarren arazo nagusiak direnak izan dituzte hizpide, eta horiei konponbideak nola bilatu, jomuga.

Garrantzirik gabekoa dirudien arren, normaltasuna da gaurko saioan nabarmentzekoa. Begirada historikoz ikusita, gertuegi ditugu oraindik gure iragana osatu duten samina eta drama, baita gizarte esparru baten bazterketa politikoa ere. Gaur ikusi eta entzundakoari erreparatuz, badirudi kapitulu hori atzean uzteko zorian gaudela. Urkulluk zein Mintegik, halere, ataka hori oraindik ere erabat itxi gabe dagoela ohartarazi dute, eta honako legegintzaldian behin betiko ixteko beharra dagoela aldarrikatu dute.

Euskadi berrasteko beharra irudikatu du Urkulluk bere hitzaldian. Atzera begiratu gabe ia, begien aurrean dugun orainaldi gordinean jarri du arreta. Aro berri bat irekitzen ari dela esan du behin eta berriro Urkulluk. Arlo askotan irekiko den sasoi berri bat izango da dudarik gabe. Hemendik aurrera ikusiko duguna segur asko orain arte ez dela ezagutu ohartarazi nahi izan du lehendakarigaiak. Agur esatera doan honetan, apenas egin dion kritikarik Patxi Lopezen Jaurlaritzari, baina argi utzi du Jaurlaritza berriak 1.400 milioi euro gutxiago izango dituela bideari ekiteko. Datorrenaren abisu.

Urkulluren hitzei erreparatuz gero, honakoak izango dira bere jardueraren oinarriak: Administrazioa murriztea, erakundeen egitura berraztertzea, eta bakegintza eta estatus politiko berriaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean oinarritzea. Informatikako irudiari tiraka, egungo Euskadin erabateko "reset"a egingo du, oso-osorik berrabiaraziko du.

Laura Mintegik helburua bete du. Bere diskurtsoan, ezker abertzalearen Legebiltzarrerako itzulerari irudia eta ahotsa jartzea lortu du. Mahai gainean beste eredu bat jartzerik badagoela adierazi dute bere hitzek, "politika egiteko beste eredu bat" plazaratu ahal dela, alegia. Ezker abertzaleak bere-bereak dituen oinarri ideologiko batzuk ez ditu ukatu –Euskal Herri independente eta sozialista lortzeko asmoa eta preso guztiak etxeratzeko beharra, kasu–, baina, gainera, kudeaketaren inguruko makina bat proposamen zehatz egin ditu.

Elkarrizketarako eskua luzatu du behin eta berriro Urkulluk. Alderdiei ere dei egin die, aurrean dauden erronkei arduraz eta elkarrekin aurre egiteko. Laster ikusiko dugu hitzok adostasunak lortzeko aterik irekitzea lortzen ote duten.Gaur, Legebiltzarraren kanpoaldean ikusitako protestek aurrean bide malkartsua izango dela iragarri diote lehendakari berriari.