Itxi

Iruzkina

AEB eta zurrunbilo fiskalak

Jesus Torquemada

Erredakzioa

Duela hilabete terdi, amildegi fiskala deitu ziotena saihestu zuten. Orain, bahiketa fiskala deitzen diote.

Zurrunbilo fiskal batean murgilduta daude berriro estatubatuarrak. Zaila da azaltzen, eurek ere ez baitute ulertzen. Duela hilabete terdi, amildegi fiskala deitu ziotena saihestu zuten. Orain, bahiketa fiskala deitzen diote.

Oinarri oinarrian, gauza bera dira biak, edota behintzat jatorri bera dute. Defizit publiko oso handia dute AEBek, eta hori murriztu beharra dago; horretan ados daude errepublikanoak nahiz demokratak. Baina hori lortzeko alderdi bakoitzak erabili nahi dituen errezetak oso desberdinak dira.

Demokratek, Obama buru dutela, esaten dute gehiago bildu behar dela, eta horretarako, zergak igo behar zaizkiela aberatsenei. Errepublikanoek, berriz, kontrakoa diote: gastuak murriztu behar dira, batez ere gizarte gastuak, pobreenek jasotzen dituzten laguntzak hain zuzen ere.

Amildegi fiskala azken orduan saihestu zuten, errepublikanoek onartu zutelako zergak pixka bat igotzea aberatsetan aberatsenak direnei. Estatubatuarren %1 besterik ez da hori.

Bahiketa fiskala amildegia baino okerragoa izan liteke, gastu guztien murrizketa automatikoa ekartzen duelako, hasi militarretatik eta zibiletaraino. Ordu batzuk besterik ez zaizkie geratzen negoziatzeko, eta ziurrenik, duela hilabete eta erdi egindako gauza berbera egingo dute: hurrengo zerga-krisira arte nolabait moldatzeko gutxieneko akordio bat.