Itxi

Donostiako Zinemaldia

Zortzi film luze emango dituzte Zinemaldiko Zinemira sailean

Erredakzioa

Zinemira Saria Juan Bautista Berasategik jasoko du aurten. Marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarra Euskal Herriko animazio-zinemaren aitzindarietako bat izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako 61. Zinemaldiak zortzi film luze aukeratu ditu Zinemira sailerako, Euskal Herrian ekoiztutako zinemari zuzendutako sailerako. Bost estreinaldik eta aurten ekoitziriko hiru lanek osatuko dute film taldea.

Zinemirako fikziozko film bakarra Mireia Gabilondoren Amaren eskuak izango da, eta euskal zinemaren egunean, irailaren 24an, emango dute. Familia harremanen oreka jorratzen du Zinemaldian estreinatuko den lanak.

Beste lau lan ere estreinatuko dira, eta Asier y yo izango da horietako bat. Aitor eta Amaia Merinoren dokumental horretan Madrilen bizi den eta indarkeriaren kontra dagoen pertsona baten eta ETAko militante baten arteko harremana kontatzen dute.

Alfonso Andresen eta Javier Barajasen Una esvastica sobre el Bidasoa ere bertan estreinatuko da. Buruzagi nazi batzuei Euskal Herriak sorrarazten zien erakarpena azaltzen da dokumental horretan.

David Arratibelen Oirse, esperientzia pertsonal bat kontatzen duen dokumentala, ere Zinemiran estreinatuko da.

Zinemaldiak euskal zinemagintzari eskaintzen dion atal honetan estreinatuko da, era berean, Enara Goikoetxeak eta Monika Zumetak Jose Luis Zumeta artistaren sorkuntza prozesuaz egin zuten dokumentala: Izenik Gabe 200X133.

Zinemira beste hiru dokumentalek osatzen dute, horietako bi Donostiako Giza Eskunideen Zinemaldian estreinatuak: Alardearen seme-alabak, eta El metodo Arrieta. Olivier Van der Zeeren Encierro ere emango dute.

Lan horietako lau (Amaren eskuak, Asier y yo, Una esvástica sobre el Bidasoa eta Izanik gabe, 200X133) Irizar Saria jasotzeko hautagaiak izango dira, beste atal batzuetan lehiatuko diren Fernando Francoren La Heridarekin, Fran Araujo eta Ernesto de Nova Roldanen El Rayorekin eta Luis Berdejoren Violetekin batera

Irizar saria nori eman epaimahai espezifiko batek erabakiko du, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu, filmaren ekoizleentzat.

Juan Bautista Berasategi

Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko ematen duten Zinemira Saria Juan Bautista Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarrarentzat izango da aurten, Euskal Herriko animazio-zinemaren aitzindarietako bat izan baita.

Ilustrazioaren mundutik datorren Berasategik 1977an egin zuen bere lehenengo filma, Donostia Zinemaldian estreinatu zen Ekialdeko izarra animazioko film laburra. 1979an Fernando amezketarra animaziozko film laburra zuzendu zuen, eta Ikuska sailaren bitartez Euskal Herriaren erretratua egin zuten euskal zinemagileen taldeari batu zitzaion. 1983an Kukubiltxo film laburra estreinatu zuen eta Euskal Zinemaren Sari Nagusia irabazi zuen Bilboko Laburren eta Zinema Dokumentalaren Nazioarteko XXV. Lehiaketan.

Film luzerako jauzia eman zuen 1985ean Kalabaza tripontzia lanarekin, Euskal Herrian egin den animaziozko lehenengo film luzea eta Donostiako XXXIII. Nazioarteko Zinema Jaialdian ohorezko aipamena izan zuena. Horren ondoren, hainbat jaialditan sariak irabazi zituzten honako luze hauek egin zituen: Balearenak (1991), Donostia Zinemaldiaren XXXIX. edizioan estreinatua, eta Ahmed, Alhambrako printzea (1997), Washington Irving idazlearen lanean oinarritua.

1998 eta 1999 artean 104 kapituluko Lazkao Txiki animaziozko telesaila zuzendu zuen, eta animatzaile eta muntatzaile gisa lan egin zuen Txabi Basterretxea eta Joxean Muñozen La isla del cangrejo (1998-1999) proiektuan, eta Txirrita (1999-2000) marrazki bizidunen sailean. 2003an Alhambrako giltza estreinatu zuen, eta hari esker animaziozko film onenaren Goya sarirako izendatu zuten.

Basauriko Nazioarteko Animazio Jaialdiak (ANIMA) omenaldia egin zion 2005ean eta bere lanaren atzera begirakoa antolatu zuen, eta 2006an Anton Abbadia saria irabazi zuen, zinemaren bitartez euskara bultzatzeko eginiko lanagatik. Ondoren, Barriola, San Adriango azeria (2009) animaziozko film luzea estreinatu zuen eta haren bitartez Euskal Herriko kondairak eta tradizioak berreskuratu zituen. Zinemira Saria irailaren 24an jasoko du, Victoria Eugenia antzokian egingo den Zinemira galan.

Kimuak eta Zabaltegi

Zinemira sailaren barruan, era berean, 2012ko Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketaren barruan, zazpi film labur bildu dituzte aurten. Kimuak ataleko bi film labur, gainera, Zabaltegi sailean ere emango dituzte: Hotzanak, For Your Own Safety, Izibene Oñederra zuzendariarena, eta Zela Trovke, Asier Altunarena.

Zinemira saila Donostia Zinemaldiak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin, Euskadiko Filmategiarekin, eta EPE eta IBAIArekin lankidetzan, baita Irizar enpresaren babesletzarekin ere.

Albisteak (6)

Bideoak (1)