Iruzkina
Siria eta Irakeko filma
Jesus Torquemada
Erredakzioa
Duela hamar urte, AEBek eta Erresuma Batuak Irak inbaditu aurretik sortu zen eztabaida berbera da.
Arma kimikoak daudela eta ez daudela, arma horien inguruko frogak sendoak direla eta ez direla, Nazio Batuen ikuskatzaileek denbora gehiago behar ote duten edota mandatua berehala amaitu behar duten, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera esku-hartzea legezkoa den edo ez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak baimentzen ote duen edo ez, ni banoala eta ea nork jarraitzen nauen...
Filme hau lehen ere ikusitakoak gara, duela hamar urte, AEBek eta Erresuma Batuak Irak inbaditu aurretik sortu zen eztabaida berbera da.
Jakina, badira desberdintasun batzuk. Esaterako, Bushek eta Blairrek, arrazoiarekin edo gabe, Irak inbaditzea erabaki zuten. Eta behin erabakia hartuta, orduan saiatu ziren Saddam Husseinen arsenal kimikoaren ustezko frogak asmatzen. Orain, ordea, Obamak eta Cameronek ez dute argazkian atera nahi. Assad siriarra zigortu egin behar dela uste dute, baina zarata handiegirik atera eta gerra oso batean sartu gabe.
Hori bai, Bushek eta Blairrek egin zuten moduan, esku-hartze horretarako aliatuak bilatzen saiatzen ari dira, bakarrik daudela eman ez dezan. Eta ezustekoa da Estatu Batuek beren aliatu nagusiaren babesa galdu dutela, Britainia Handiarena hain zuzen. Londresko Parlamentuak Siriako erasoan parte hartzearen kontra bozkatu du, eta ondorioz Obama bakarrik gelditu da. Gutxienez, bozketa horrek erakusten duena zera da: Parlamentu britainiarrak Iraken filmea ikusi eta guztiz ulertu duela pelikula hori gaizki amaitu zela.