Itxi

Iruzkina

Obama eta Putin, aurrez aurre

Jesus Torquemada

Bi agintariak G-20 taldeak San Petersburgon egingo duen goi-bileran izango dira gaur.

San Petersburgon gaur G-20ko kideek nazioarteko arazo ekonomikoei erreparatuko dietela suposatzen zen, esaterako, paradisu fiskalen gaiari, baina, azkenean, Siriari eskainiko diote denboraren zatirik handiena.

AEBetako Barack Obama eta Errusiako Vladimir Putin presidenteak aurrez-aurre izango dira.

Obamak Siriari erasotzea erabaki du; Putinek, aldiz, erasoa ekidingo duela. Obamaren arazoa, baina, Kongresu estatubatuarrean dago, kongresistak zatituta daudelako Siriaren auzian. Putinek, berriz, ez du Dumaren babesaren beharrik, diputatu errusiarren gehiengoa Siriaren aldekoa delako.

Obamak, gainera, atzerrian aliatuak bilatu behar ditu, eta bere lagun gehienek, batez ere europarrek, zalantzak dituzte, edo ezetz esan dute. Errusiarren aliatuek, batez ere Iranek eta Libanok, baina baita Txinak ere, oso garbi daukate: Bashar Al Assad presidente siriararraren alde egingo dute.

Atzo Putinek esandako gaizki ulertu zen. Siriaren kontrako erasoa onartuko lukeela esan zuen, bai, baina, bat: baldin eta Assadek arma kimikoak erabiltzeko agindua eman zuela frogatzen bada, eta, bi: Nazio Batuetako Segurtasun kontseiluak onartzen badu.

Lehenengoa frogatzea oso zaila da, eta bigarrena Errusiaren erabakiaren araberakoa da, Kontseiluan beto eskubidea baitu. Beraz, benetan Putinek zera esan zuen: estatubatuarrek erasotzea erabakitzen badute, erasoa legez kanpokoa izango dela, eta Errusia aurrez aurre izango dutela.