Analisia
ETAk armagabetzea hasi du
Iñigo Herce
Erredakzioa
ETA-ren iragarpenak abian jarri du armagabetzea, baina sentsazio gazi gozoa utzi du eragile. Hasierako ikusmina zerbait hoztu egin den arren, hasitako bideak desagerpena besterik ez du amaieran.
Aurreikusita eta iragarrita egon arren, ETAren iragarpenak badu mamia. Ez da nolanahiko mugarria, duela bi urte eta lau hilabete indarkeriaren bidea behin betiko baztertuko zuela ebatzi eta jakinarazi zuenetik.
Botila erdi beterik ikusten dutenek, arma gabetze osoarekin amaituko den bide baten hasiera dela azpimarratzen dute. Erdi hutsik dakusatenek, berriz, arma kopurua eskasegia dela nabarmendu dute.
Armak entregatzen hasi ondoren, ETAk oraindik ere gizartearen zati haundi batek eta alderdi politiko gehienek behin eta berriz eskatzen duten beste esparru bat du lantzeke,: eragindako mina onartu eta biktimei begirunez barkamena eskatzea. Alor horretan ezer gutxi egin du erakundeak, eta hasitako ibilbidea muturreraino eramateko ezinbesteko oinarria izango da.
Urte askotan errefusatu duten legearen barruan banakako irtenbideak eskatzea onartu zuten ETAko presoek abenduaren 28an. Urrats horrek ia erabat berretsi zuen hartutako bideak atzerabueltarik ez zuela. Hilabeteko barne eztabaidaren ondoren, nazioarteko ikuskatzaileek orain bermatu duten armagabetze ekimenak ETAren amaierarako prozesua norabide bakarrean uzten du. Ez dago atzera egiterik.
Hasiera bateko barne erresistentziak alboratuta, ETAk ulertu du, edo ulertarazi zaio, aldebakarreko erabakiek soilik gaindi zezaketela prozesuak zuen geldialdia. Kostata, baina ulertu du, finean, Rajoyren Gobernuak ez duela inolako mugimendurik egingo ezta negoziaketarik onartuko armak utzi eta erakundea desegin edo desegiteko bidean jarri bitartean. Azken hilabeteotan ikusitakoak ikusita, Espainiako Gobernuak “saldu” dezake bere irmotasunak ETA eskatzen zitzaion norabidean mugitzera behartu duela.
Baina hemendik aurrera gauzak alda litezke. Abendutik hona gertaturikoak ikusita, orain arteko jarrerari eustea geroz eta zailago gertatuko zaio Espainiako Gobernuari. ETAren amaiera ez dago ziurrenera krisialdi latza pairatzen ari den Espainiako herritarren kezka nagusien artean. Baina orrialde beltz hori ixteko parada edozein kalkulutatik harago doa. Agintari batek baztertu ezin duen ardura politikoa da, nahiz eta hauteskundeei begira jarrita irabazteko gutxi izan. Nazioartekoari erreparatuz ere, gertatutako guztiak saihestezin bihur dezake egoerari tamainako erantzuna emateko beharra. Bestela, erraz leporatu dakioke Rajoyri ETArekin amaitzeko aukera izan eta ezer ez egitea.
Rajoyk egoera ezin hobea du amaiera horri errotik heltzeko. Hasteko, ETAk hartutako erabakiek oso zail, ezinezko ez bada, egiten dutelako iraganera itzultzea. Gainera, mahaian eseri baino lehen, geratzen zitzaion aldarrikapen historikoetako bat, presoen amnistia, de facto baztertu egin du.