Itxi

Analisia

Errusiak beste eskualde batzuk bereganatu nahiko ote dituen da gakoa

Jesus Torquemada

Erredakzioa

Errusia ez bada Krimeatik haratago joaten gatazka armatu bat pizteko aukera txikia dela dirudi, baina haratago joatea erabakiko balu, aukera hori askoz handiagoa izango litzateke.

Orain arte dena aurreikusi moduan doa. Krimeak independentzia aldarrikatu du, Errusiara batzea eskatu du eta Errusiak bere herrialdearen parte izatea onartu du.

Ukraina etsita dago, militarki ez baitu Errusiari aurre egiteko gaitasunik. Nazioarteko eskandalu baten aurrean gaude, Estatu Batuek eta Europar Batasunak ez dute emaitza onartzen, tentsio handia dago, baina oraingoz badirudi guztiek saihestu nahi dutela  borroka armatu bat hastea.

Orain ziurgabetasun egoera batean sartuko gara, jakin bagenekien  Vladimir Putin Errusiako presidenteak  Krimea beraganatu nahi duela,  baina galdera da ea Krimeaz gain Ukrainako beste  eskualde batzuk ere bereganatu nahi ote dituen, errusiar asko bizi diren beste gune batzuk... Jarkov, Donetsk edo Odesa bezalako hirietan errusiarrak jada kalera atera dira  eta istilu larriak ere izan dira.

Putinek hitzeman du  errusiar  guztiak babestuko dituela, dauden tokian daudela ere. Baina arazoa da  hiri horietan errusiarrak asko izan arren ez direla gehiengoa Krimean bezala.

Ukraina, beraz, hiri horietan bizi diren eta ukrainar izan nahi duten herritarrak babestera behartuta dago eta beste erremediorik ez balu  Errusiari aurre egin beharko lioke eta horrek Ukrainaren aliatuak ere  gatazkan nahastea ekarriko luke... Estatu Batuak eta Europar Batasuna alegia.

Beste modu batera esanda  Errusia ez bada Krimeatik haratago joaten  gatazka armatu bat pizteko aukera txikia dela dirudi baina haratago joatea erabakiko balu aukera hori askoz handiagoa izango litzateke.

Albisteak (4)