Itxi

Analisia

Salmonden kolpea

Iñigo Herce

Erredakzioa

Alex Salmond izan zen Eskoziako galdeketarako egin den bigarren eztabaidaren irabazlea. Atzokoan Eskoziako lehen ministroak kolpea itzuli zuen.

Alex Salmond izan zen Eskoziako galdeketarako egin den bigarren eztabaidaren irabazlea. Lehen aurrez aurrekoan Alistair Darling unionistak monetaren gaiarekin zokoratzea lortu bazuen, atzokoan Eskoziako lehen ministroak kolpea itzuli zuen.

Eskozia liberatik kanpo geratzea Bretaina Haundiarentzat eskoziarrentzat bezain kaltegarri litzatekeela argudiatu zuen Salmond-ek, eta independentziaren aldekoek irabaziz gero txanpon bateratuaren inguruko adostasun bat bilatzea litzatekeela bere eredua aldarrikatu zuen behin eta berriro. Munduko beste herrialde independente askoren antzera, adostasunean oinarritutako eredua eskatu zuen.

Eskoziarren patriketatik beldurra uxatzen saiatu zen politikari beteranoa. Darlingek, ostera, ia ia karta bakarrera jokatu zuen atzoko partida: independentziak hondamendi ekonomikoa ekarriko du eskoziarrentzat. Beldurraren argudioa, Salmonden ustez.

Aurkariaren etengabeko kritikaren aurrean defentsa egiteaz gain, erasora ere jo zuen Alex Salmondek. Eskoziaren ongizatea Bretaina Handiko murrizketen ondorioz hankamotz geratzen dela izan zen bere salaketa, eta Darlingek erantzunik gabe utzi zituen makina bat galdera egin zizkion: Londresek bultzatu duen Osasun zerbitzuen murrizketak eta pribatizaziorako joeraz, umeen pobreziari aurre egiteko neurriez edota langabeziaren aurkako ekimenez mintzatu zenean, Darlingen eztabaidako unerik ahulenak bizi zituen.

“Bakarrik txiroagoak izango gara eta gure bizimodua zaildu egingo zaigu”, oihukatu zuen unionisten ordezkariak. “Guk hartuko ditugu erabakiak eta ongizatea bermatuko duen herri aurreratua izan gaitezke”, erantzun zion Salmondek.

Baina patrika eta ekonomiari lotutako gaiez gain –petrolioaren etorkizuna edota Bretainia Handiaren arma nuklearren kudeaketa ere izan ziren mahai gainean--, sakontasun handiko galdera egin zuen Salmondek: “ Ezezkoak irabazten badu, nik onartuko dut emaitza. Prest al zaude zu independentziaren aldekoak nagusituz gero eskoziarren borondatea eta horren ondorioak onartzeko?”. Darlingen isiltasunaren oihartzuna ez da oraindik itzali eztabaida egin zen antzokitik.