Analisia
Hurrengoan izango da
Iñigo Herce
Erredakzioa
Azaroaren 9ko bozketak mugarria jarri du Kataluniaren istorian, baina etorkizun hurbilean letozkeen hauteskundeak izango dira atzera bueltarik izango ez duten hitzordua.
Kataluniak bozkatu du. Bi milioitik gora herritarrek era baketsuan iritzia eman dute, baita euren etorkizunari buruz galdetuak izateko gogoa eta beharra zutela adierazi ere. Galdeketa ez da izan beharko zukeena, izan duen ibilbide malkartsuan legezko erreferendum izaera bidean geratu delako. Baina zalantzarik gabeko mezu politikoa da, herri baten parte oso esanguratsu batek berriz ere eman duena.
Gaurkoa baina ez da Kataluniaren une erabakigarria izango. Bidean beste mugarri sendo bat ipini duten arren, hurrengoa izango da bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izan lezakeena. Artur Masek iragarri bezala plebiszito itxurako hauteskundeak deitzen baditu, eta bertan independentziaren aldeko indarrek gehiengo zabala lortzen badute, orduan bai, Espainiak arazo politiko sakona izango du mahai gainean, nazioarte guztiaren begibistan.
Ikusteko dago, halere, Azaroaren 9ko eguna pasata, zein estratejia hartzen duten bai Masek, baita Mariano Rajoyk eta Alderdi Popularrak ere. Masek presio haundia izango du etxean, eta hauteslekuetan ipinitako bozek mezu zuzena dira. Emandako urratsen jarraipenak hauteskundeetara daramate. Baina, inkestek dioten moduan, CiU hustu eta ERC gailenduko bazaio, Masek ere denborarekin jokatu nahiko du. Ezin pentsa aurrikusitako horretara hain errez jauzi egingo duenik president-ak, ezta bestelako kalkulurik egingo ez duenik ere.
Rajoyk, aldiz, bi aukera ditu. Orain arte bezala, entzungor eginez jarraitu eta bi milioi bozkatik gorako argazkiaren aurrean arazo politiko bat izango ez balitz bezala jokatzen jarraitu, legea eta Estatuaren indarra argudio nagusi gisa izanez; edo elkarrizketa eta itunaren bideari ekinez, subirautzaren aldekoen artean zirrikitu bat irekitzen saiatu. Negozioaziorik nahi ez badu, Espainiaren aurrean mezu gogorraren hautua egiten jarraitzen badu, mahai gainean izango duen hurrengoa legezkoa bozketa izango da, loteslea, auzitegietan geldiezina eta Katalunia zein Espainiaren etorkizunean aldaketa sakona ekar lezakeena.