Iruzkina
Gerra diplomatikoa Palestinaren inguruan
Jesus Torquemada
Beste estatu bat salatu dezakeen estatua da Palestina eta halaxe egin du Abbasek.
Palestinak gudu diplomatikoa egitea erabaki du nazioarteko fronte guztietan. Mahmud Abbasek, Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, Nazioarteko Zigor Auzitegira batzeko eskaera egin zuen duela bi egun. Egoitza Hagan duen auzitegi horrek epaitzen ditu estatuen arteko liskarrak.
Duela bi urte arte Palestinak ezin zuen urrats hori egin, baina Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu behatzaile gisa onartu zuenez, egin dezake eskaera. Beste estatu bat salatu dezakeen estatua da Palestina. Adibidez, Israel Hagako auzitegira eraman dezake betetzen ez dituen nazioarteko akordioengatik.
Orain hobeto ikusten da Nazio Batuen Erakundearen erabakiaren garrantzia. Palestinak ez ditu estatu-kide baten ahalmen guztiak, baina bai zenbaitzuk. Estatu-kide arrunta izateko, Segurtasun Kontseiluaren onespena beharko luke, baina Ameriketako Estatu Batuek beto eskubidea dute. Duela hiru egun erabili zuten eskubide hori Ameriketako Estatu Batuek, Israel ez dezaten behartu okupatutako lurraldea hiru urteren buruan itzultzera.
Abbasek azkar erantzun du, eta beste fronte bat ireki du gudu diplomatikoan.