Analisia
Boterea eta zentralitatea
Iñigo Herce
Euzko Alderdi Jeltzalea izan da hauteskundeetako garailea, baina beste alderdiren baten laguntza beharko du. Nafarroan aldaketari atea ireki zaio, eta Podemos/Ahal Dugu indarrez sartu da.
EAJ izan da gaueko garailea. Araba eta Gipuzkoa berreskuratu ditu eta inkesta baikorrenek iragartzen zituzten emaitzak hobetu egin ditu. Ortuzar-Urkullu tandemak ezarritako bidea, gizartearen erdigunea berreskuratzera zuzendutako estrategiak, emaitza ona utzi die jeltzaleei. Duela lau urte baino indartuago atera dira jeltzaleak. Duela lau urte galdutako botere guneak ozta-ozta irabazi ditu Araba eta Gipuzkoan, baina bi herrialdeotan eta Bizkaian indar nagusia izateak euskal politikaren ardatzean kokatzen du EAJ. Andoni Ortuzarrek egonkortasuna lehenetsi du. Euzko Alderdi Jeltzalearen tradizioan eta genetikan dago itunak bilatu eta lortzea. Beharko ditu, hauteskunde gaueko garaipenaren aparra azkar jaitsiko baita, eta lau urtez gobernagarritasuna lortzea izango delako helburua. Alderdi nagusiek, halere, boto galera handiak izan dituzte.
Podemos da, zalantzarik gabe, gaueko beste izarra. 142.000 boto lortu ditu hiru herrialdeetan, eta eragin zuzena izan du gainerakoen emaitzetan. 2012ko hauteskunde autonomikoen emaitzekin alderatuta, denek galdu dituzte botoak: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk. Roberto Uriarteren alderdia kontuan hartu beharko da hemendik aurrera euskal politikan.
Duela lau urteko poza ez du izan Euskal Herria Bildu koalizioak. Oso bestelakoa zen aurten giroa. Autokritika izan du ahotan Hasier Arraizek “herritarrekin konektatzeko zailtasunak” aipatu dituenean. Duela lau urteko indarra ahuldu egin zaio EH Bilduri. Lau urte Gipuzkoa eta hainbat udalerri kudeatzen aritu ondoren, gainerako alderdien aje berberak erakusten ditu koalizioak. Kudeaketak herritarrengandik urruntzea ekar lezake, eta duela lau urte izandako bultzada politikoa galduta, gainerakoen parean lehiatu behar du EH Bilduk.
Alderdi Sozialistak ere boto galera handia izan du. Araban kolpe latza jaso du; Gipuzkoan, berriz, eutsi egin dio. Halere, sozialisten eserlekuak hauteskunde ondorengo itunetarako bidean jarri ditu Idoia Mendiak, eta litekeena da jeltzaleek horiei begiratzea lehendabizi. Alderdi Popularrak emaitza mingotsa izan du. Javier Marotok eman dio gaueko poz bakarra Arantza Quirogari. Gasteizko alkateak ez ditu pairatu bere kanpaina arriskutsuak ekar zekizkiokeen gaitzak, eta hiriburuan duen erakarpenari eutsi dio. Horixe da popularrek ospatzeko izan duten arrazoi bakarra. Araban bigarren indarra izatera pasatu da PP, nahiz eta lurraldean boto gehien alderdi horrek lortu dituen. Espainian Alderdi Popularrak izandako gainbeherak tira egin die euskal popularrei gurean ere.
Nafarroak utzi du gaueko beste titular nagusia. UPN izan da garailea Foru Erkidegoan eta hiriburuan, baina herritarrek indarra kendu diote. Eta hori baino garrantzitsuago; aldaketari aukera ireki diote. Horretarako, baina, lau alderdik bat egin beharko dute. Operazio zaila izan arren, alderdi erregionalista boteretik kentzeko grinak ahalbidera dezake mugimendu politiko hori. Herritarrek hitz egin ondoren, emaitzak agerian, itunak izango dira hurrengo lau urteotako norabidea finkatuko dutena. Baina alderdi bakoitzak badu gogoetarako nahikoa arrazoi.