Iruzkina
'Game of Thrones' Bruselan
Jesus Torquemada
Ezinezkoa dirudien helburua darama gaur Tsiprasek Bruselara: bazkideak konbentzitu zorra barkatzeko eta baldintzarik ezarri barik diru gehiago emateko.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak ezinezkoa dirudien helburua darama Bruselara: bazkide europarrak konbentzitu nahi ditu, eurekin duen 240.000 milioiko zorraren zati bat barka diezaioten. Gainera, diru gehiago eman diezaioten. Eta hori guztia, baldintzarik gabe nahi du Tsiprasek: utz diezaiotela dirua nahi bezala erabiltzen; hartara, hauteskundeetan agindutakoa betetzeko modua izan dezan.
Igandeko garaipen handiaren ondotik, sendotuta iritsiko da Tsipras, eta oposizioko alderdi gehienen babesa ere alde du. Baina 27 kide europarren laguntza behar du, eta batez ere, Euroguneko 18 kideen diru-laguntzaren premia du. Baina Angela Merkel tinko dago Greziaren aurrean, eta ez dago bakarrik; Europako ia agintari guztiak ondoan ditu. Ez dute diru gehiago eman nahi, arrazoi ideologikoak tarteko. Baina horrez gain, euren boto-emaileen zigorra ere jaso lezakete, Greziari zorra barkatuz gero. Alemanian, Finlandian, Austrian, Holandan eta beste hainbat herrialdetan ez dute ulertzen zergatik ordaindu behar dituzten zerga gehiago greziarrei dirua emateko. Alemaniako prentsa sentsazionalista, esaterako, egunero dabil esaten greziarrak alemaniarrak baino lehenago erretiratzen direla, eta Tsiprasek ez duela hori aldatu nahi. Eta jakina, Merkel ez dago tronua galtzeko prest, Tsipasek bereari eutsi diezaion.