Bizkaia taldea
ETAren zuzendaritza auzipetu du Garzonek, 8 atentatu leporatuta
Erredakzioa
Garikoitz Aspiazu, 'Txeroki', Jurdan Martitegi, Aitzol Iriondo eta Bizkaia taldeko beste 9 kide edo laguntzaile auzipetu ditu.
Garikoitz Aspiazu, ''Txeroki'', Jurdan Martitegi eta Aitzol Iriondo ETAko buruzagi ohiak auzipetu ditu Baltsar Garzon epaileak ''Bizkaia taldeko'' kide izanda 2007 eta 2008 urte bitarteetan zortzi atentatu egitea leporatuta.
Halaber, Arkaitz Goikoetxea, 2008ko uztailean atxilotutako taldeko burua, eta beste 9 kide (Iñigo Gutierrez, Aitor Cotano, Aitor Artetxe, Asier Borrero, Olga Comes, Mailen Zuazo, Ana Isabel Prieto, Adur Aristegi, Gaizka Jarreño) auzipetzeko agindua eman du. PSE-EEko Eibarreko zinegotzi baten bahiketa saiakera egotzi die epaileak.
Guardia Zibilaren Durangoko (Bizkaia), Calahorrako (Errioxa) eta Legutioko (Araba) polizia-etxeen aurkako atentatuak leporatu dizkiete, besteak beste. Azken horretan Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zen.
Getxoko Itsas Klubaren, Zarauzko Ertzaintzaren polizia-etxearen, Getxoko Justizia Jauregiaren eta PSE-EEren Balmasedako (Bizkaia) eta Derioko (Bizkaia) egoitzen aurka egindako atentatuak ere egotzi dizkie epaileak.
Getxon auzokide batek urtarrilaren 31n lehergaiz beteta aurkitu zuen garagardo kupelaren ardura ere leporatu die.
Txerokik Benjamin Atutxa Eibarko PSE-EEren zinegotzia bahitzeko asmoa zuela jasotzen du autoak, eta Goikoetxearekin eta Martitegirekin batera zelatatu zutela esaten du.