Itxi

Elkarrizketa ETBn

PP: "PSEk iniziatiba izan behar du, EAJk agintzen duela dirudi eta"

Erredakzioa

Auzitegi Gorenak Batasunarekin egindako bileren harira hartutako erabakiari dagokionez, Antonio Basagoitik azpimarratu du "gauzak batzuk legezkoak izan arren", ez direla "inoiz egin behar".

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buruzagiak uste du PSEk "iniziatiba" hartu behar duela, "gobernatzeko eta gauzak konpontzeko, bestela herritarrek pentsatuko dute EAJk jarraitzen duela agintzen".

ETBn egindako elkarrizketa batean, Basagoitik esan du atzo Patxi Lopezek iragarritako "kontratu sozial berriak" itxura ona duela, "proposamenak egiten dituelako eta arazoak konpontzea bilatzen duelako".

"Nik buruan dudana eta atzo Patxi Lopezek proposatu zuena bat datoz", erantsi du.

Hauteskunde Legearen erreforma

Alderdi Popularrak Hauteskunde Legea erreformatzeko egin nahi duen proposamenak sortu duen polemikaren harira (gainerako alderdi guztiak kontra agertu dira), Basagoitik azaldu du ez dela "lehentasuna eta PSErekin ez ezik, beste alderdi batzuekin ere adostasuna lortzen bada soilik" eramango dutela aurrera zehaztu du.

Ildo horretan, "gai hori ez da inolako bileretan aztertu eta ez da emaitza elektoralen arabera neurtu", nabarmendu du. "Egun indarrean dagoen legea Ezker Batuak legebiltzarkide gehiago izateko eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariari laguntzeko aldatu zen, baina orain alderdiak beste erreforma bat egitearen kontra badaude, ez dugu lege ukituko".


Bilerak Batasunarekin

Bestalde, Auzitegi Gorenak Batasunarekin biltzea legearen kontrakoa ez dela ondorioztatu duela eta, Basagoitik adierazi du "gauzak batzuk legezkoak izan arren", ez direla "inoiz egin behar". "Batasunaz gehiegi hitz egiten da eta alderdi normal baten tratua ematen zeio eta hori guk gaizki ikusten dugu, indarkeriatik aldentzen ez den bitartean", gaineratu du.

Ezker abertzalea egiten ari den barne-hausnarketari dagokionez, Basagoitik esan du "ezinezkoa" dela "pistolak erabiltzen dituztenek agindutakotik zerbait ezberdina egitea" eta, ondorioz, Batasuna "biolentziatik aldentzeko bide bakarra ETA garaitzea" dela azpimarratu du.

Albisteak (3)