Abiadura Handiko Trena
AHT Basauritik tunel baten bidez helduko da Bilbora
Erredakzioa
La Concordiako geltokia uztea ahalbidetuko du egitasmoak, eta Bailen eta Hurtado Amezagan 85.000 metro karratu erabilgarri utziko ditu eraikuntza berriak egin ahal izateko.
Abiadura Handiko Trena (AHT) Basauritik 7 kilometroko tunel baten bidez Bilboko Abando-Indalecio Prieto geltokira helduko da eta lur azpiko geltoki batean amaituko da. Bertan Aldiriko Renfeko eta Feveko geltokiak izango dira.
La Concordiako geltokia uztea ahalbidetuko du egitasmoak, eta Bailen eta Hurtado Amezagan 85.000 metro karratu erabilgarri utziko ditu, San Mames bezalako 12 estadio haina. Lur librea eraikuntza berriak egiteko eta erabilera publikorako erabiliko dute, horrela azpiegituran egindako gastuak ordainduko dituzte.
Abiadura handia Bizkaiko hiriburura ekartzeko egitasmoa eta egungo instalazioen birmoldaketa aurkeztu ditu gaur Jose Blanco Sustapen ministroak Bilbon. San Frantzisko auzoaren eta Zabalgunearen arteko barrera ezabatuko du proiektuak.
Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan dira. Egitasmoa aurrera eramateko "leialtasun instituzionala" aldarrikatu dute guztiek eta "indarkeria eta beldurra bakarrik erabiltzen dutenek" AHT Euskadira heltzea eragotziko ez dutela esan dute.
Abando-Indalecio Prieto geltokia guztiz birmoldatzea proposatzen du azterketak, horrela abiadura handiaren zerbitzu berriei leku utziz. Aldiriko Renfe eta FEVEko egungo azpiegiturak ordezkatuko dituzte eta Basauritik hiriburura sartzeko tunel berri bat eraikiko dute.
Lanak
Sustapen Ministerioa Abiadura Handia errealitate bihurtzeko lanak arintzen ari dela azpimarratu du Blancok. "Ahalik eta azkarren" euskal hirietara heltzea nahi dute eta Gasteiz-Bilbo tarte osoa 2011n obratan izango dela nabarmendu du ministroak.
Horretarako, orain arte egitasmo eta lanetan 1.200 milioi euro baino gehiago kontratatu dituzte. Gainera, Ministerioak diru gehiago bideratu du linea honetara aurtengo Aurrekontu Orokorretan.