Itxi

Kleriko musulman baten alde

Bost lagun hil dituzte manifestaldi batean, Kenyan

Erredakzioa

Abdullah Al Faisal kleriko musulman jamaikarraren atxiloketaren kontra protesta egiteko manifestaldia tirokatu du Poliziak. Kenyako Gobernua Al Faisal erbesteratzen saiatu da.

Gutxienez bost lagun hil eta beste 12 larri zauritu dira Poliziak manifestaldi baten kontra tiro egin ostean, gaur Nairobin (Kenya), Radio Capital FMk jakitera eman duenez. Protesta Abdullah Al Faisal kleriko musulman jamaikarraren atxiloketaren kontrakoa zen. Kenyako Gobernua Al Faisal erbesteratzen saiatu da, baina orain arte ez du arrakastarik izan.

Lekukoek azaldu dutenez, hasierako protesta baketsuak azkar liskarrak sortu ditu, manifestariek Poliziaren kontra harriak bota dituztenean eta Poliziak gas negar-eragileekin eta tiroekin erantzun dienean.

Bestalde, hildakoak bat edo bi izan direla esan dute beste komunikabide lokal batzuek, baina iturri ofizialek ez dute kopururik baieztatu.

Poliziak manifestaldia debekatu du eta galarazten saiatu da, manifestariak, gehienbat gazte musulmanak, Banda Streeten biltzen hasi direnean, Nairobiko finantza zentroan.

Al Faisal

Kenyako Giza Eskubideen Foro Musulmanak deitu zuen manifestaldia, Al Faisal askatzea eskatzeko. Al Faisal deliturik egotzi gabe atxilotu zuten.

Al Faisal abenduaren 24an sartu zen Kenyan eta urtarrilaren 1ean atxilotu zuten, bere izena islamiar terrorismoko susmagarrien nazioarteko zerrenda batean agertzen zelako.