Itxi

Bilbon

Gizon bat atxilotu dute agente biri su ematen saiatzeagatik

Erredakzioa

Ertzainei disolbatzailea bota nahi izan die agenteei baina ez du lortu. Ostera, disolbatzailea susmagarriaren gorputzera erori da eta honek metxeroa piztu berri zuenez, gazteak berak su hartu du.

Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atzeman dute lapurreta saiakera, agintaritzako agenteen aurkako atentatua, desobedientzia eta mehatxu delituak leporatuta. Atxilotua, emakumezko bati dirua osten saiatu zen eta ostean, Ertzaintzako bi agenteri disolbatzailea bota eta su ematen saiatu zen.

02:50ak aldera gazte bat, Bilboko erdiguneko bingo batean sartu da; bertan loteria saltzen duen emakumezko baten atzetik joan eta aurrean izan duenean, besotik heldu eta jakako poltsikoan zeraman dirua kendu nahi izan dio. Emakumezkoak aurre egin dio eta azkenean, gazteak bost euro baino ezin izan dizkio ostu. Lokaleko langileak biktimari laguntzera joan dira eta lapurra atxiki dute.

Berehala Ertzaintzari abisua pasatu diote eta bertaratu diren agenteek kanpora atera dute susmagarria. Identifikatzeko eskatu diotenean, gazteak, disolbatzaile poto bat eta pizgailu bat atera ditu poltsikotik.

Ertzainei disolbatzailea bota nahi izan die baina agenteak azkar jabetu eta baztertu direnez, ez ditu likidoarekin busti. Ostera, disolbatzaile apur bat susmagarriaren gorputzera erori da eta honek metxeroa piztu berri zuenez, gazteak berak su hartu du.

Agenteek bere aldetik, berehala lagundu diote eta sua itzali dute; hortaz, gazteak ez du erredura larririk jasan. Ostean gaztea, agenteak iraintzen, heriotza mehatxuak egiten eta ostikoak ematen hasi da.

Susmagarria atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute indarkeria erabiliz egindako lapurreta, desobedientzia, mehatxuak eta agintaritzako agenteen aurkako atentatu delituak leporatuta.