ETAren agiria
Rubalcaba: "Su-etenik ez dagoela esan dio ETAk Batasunari"
Erredakzioa
Barne ministroaren iritzian, ETAk ondoko mezua igorri dio ezker abertzaleari: "Zu zurera, politikagintzara; eta ni nirera, indarkeriara". Horrenbestez, "ez dezagun gure burua engainatu", erantsi du.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak berriro azpimarratu du ETAren aurrean hainbat aldiz zabaldu duen mezua: "Edo bonbak edo botoak".
ETAk bere azken agirian dioenez, "tregua edo su-etenek batek ez dakar berez prozesu demokratiko bat". Gara egunkariak atzo kaleratu eta abenduaren 31ko data duen agirian, beste gauza batzuen artean, ETAk dio "herritarren jardunak eta presioak" ekarriko duela prozesu demokratikoa eta prozesu horrek definituko duela "autodeterminazioaren eskenatokira eramateko prozesu politiko mailakatu, arautu eta adostua".
Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Rubalcabak adierazi du ETAk su-etenik ez dagoela esan diola Batasunari agiri honen bitartez eta, ondorioz, hiltzen eta atentatuak egiten jarraituko duela.
Barne ministroaren arabera, ondoko mezua igorri dio ETAk ezker abertzaleari: "Zu zurera, politikagintzara; eta ni nirera, indarkeria". Horrenbestez, "ez dezagun gure burua engainatu", ohartarazi du eta "botoak edo bonbak" mezua azpimarratu behar dela erantsi du.
2011ko udal-hauteskundeei dagokionez, parte hartu nahi badu ezker abertzaleak bi aukera dituela nabarmendu du: "ETAk indarkeria uztea edota Batasunak ETA uztea".