Itxi

Ekimena

Bizkaiko Ogasunak 'Arinet' sistema abiatu du, zerbitzua arintzeko

Erredakzioa

Ekimen honekin inprimakiak lortzeko behar duten denbora gutxiagotu nahi dute, eta aurrez aurreko bulegoetara etortzen diren bezeroen kopurua murriztea.

Bizkaiko Ogasun Sailak ''Arinet'' zerbitzua abiarazi du gaur, zergadunen ohiko izapideak erraztu eta arintzeko helburuarekin. Zerbitzu berria doakoa da, eta zerga-inprimaki zein ziurtagiriak makina berezi baten bidez ematean datza.

Bilboko Foru Ogasunaren egoitzaren beheko solairuan egongo da makina gaurtik aurrera, proba pilotu gisa.

Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, ekimen honekin inprimakiak lortzeko behar duten denbora gutxiagotu nahi dute, eta aurrez aurreko bulegoetara etortzen diren bezeroen kopurua murriztea.

Hala ere, zerbitzu hori gai konplexuagoak tramitatzeko utziko da, gai horiek arreta pertsonalizatuagoa behar dutelako.

Zerga-inprimakiak lortzeko, pantailan aukeratu behar izango da, lehenengo, eskuratu nahi den eredua. Hasieran, 10T, 310, 110, 130, 309, 05, 04,03, 123 eta S2 egongo dira eskuragarri.

Zergei buruzko ziurtagiriak eskuratzeko, beharrezkoa izango da eskatzailea identifikatzea, Bizkaibai koordenatu-txartelaren bidez edo onartutako sinadura elektronikoaren ziurtagiri bidez, Izenpe txartela, ONA edo NAN digitala.