Urtebete gehiago
2011. urtera arte luzatu du kontratua Carlos Martinezek
Ander Altuna
Zubieta
"Talde honetan hazten jarraitzeko aukera izango dut eta harro baino harroago nago", adierazi du lodosarrak. Kadete mailan iritsi zen Donostiara Izarra taldetik.
Beste urtebetez luzatu du Realarekin zuen lan hitzarmena Carlos Martinezek. Aurten amaitzen zitzaion kontratua eta hilabeteak egin dituzte bi aldeek negoziatzen. "Oso pozik nago. Denbora kontua baino ez zenez ez nuen zalantzarik. Realaren orainak eta etorkizunak izugarri ilusionatzen nau. Talde honetan hazten jarraitzeko aukera izango dut eta harro baino harroago nago" adierazi du talde txuri-urdineko webgunean. Etxeko 17 jokalarik luzatu dute kontratua eskuin atzelariak sinatu ostean.
Kirol Zuzendari Lorenek esan duenez, bi aldeek hala "adostu" ondoren jarraituko duela beste urtebetez eta beste harrobiko jokalari baten jarraipena ziurtatzean "asebete" egin duela Reala.
Orbegozoren aldeko hileta elizkizunak gaur
Artzai Onaren katedralean jasoko du azken agurra presidente ohiak 19:30etik aurrera. Realaren urrezko aroa ez dago ulertzerik bere izena mahai gainean jarri gabe. 16 urtez hartu zituen bere gain talde txuri-urdina gidatzeko erabakiak, 1967tik 1983 bitarte, eta tarte horretan klubaren hazkundea harrigarria izan zen. Bi liga garaipenen presidentea joan da eta beharbada 100 urteko ibiliko pertsonaiarik esanguratsuena. Goian bego.