Itxi

Eitb.com-en erreportajea

Barack Obamak urte bat bete du Etxe Zurian

Amaia Akordagoitia

Hamabi hilabete hauetan, Obamak berak agindutakoarekin borrokatu behar izan du eta bigarren urte honetan, arrakastazko presidente bezala historiara pasako den frogatu beharko du.

2009ko urtarrilaren 20an Ameriketako Estatu Batuak gertakizun historiko baten agertoki izan ziren. Barack Obamak, herrialdeko lehen presidente beltzak, bere kargua hartu zuen eta bere burua gizarte estatubatuarra eta munduak herri horri buruz zuen ikuspegia aldatuko zuen gizona bezala aurkeztu zuen. Bere jarraitzaile askok uste dute agintariak azkenean lortu ezin izan dituen helburu batzuk jarri zituela.

Gizarte estatubatuarra banatuta dago orain. Horrela erakusten dute CNN kateak egindako inkesta bezalakoek. % 48ak uste du Obamaren lehen urteko kudeaketak porrot egin duela eta % 47ak, berriz, arrakastatsua izan dela pentsatzen du.

Etxe Zurira iritsi zenean, bi agindu bete behar zituen, tropak Iraketik ateratzea eta osasun zerbitzuaren estaldura unibertsala. Gainera, ezin desenkusatuzko betebeharra zuen: herrialdea azken 80 urteetan bizitako atzeraldi ekonomikotik ateratzea. Guantanamoren itxiera ere bere kanpainaren oinarrietako bat izan zen.

Lehenengo urtearen ostean, konpromiso horietako batzuk betetzen hasi beharko zatekeen Obama, baina horietako asko egiteko dauden gauzen zerrendan jarraitzen dute.

Irak eta Afganistan

Bere agintaldiaren lehen urteurrenean, tropek Iraken jarraitzen dute eta ateratzeko data zehaztu badute ere, abuztuaren 31a, 30.000 soldadu gehiago bidaliko ditu Afganistanera talibanei aurre egiteko.

Gainera, Obamak Bakearen Nobel saria irabazteko balio izan zion adostasun eta ulermen mezu bat zabaldu zuen. Egia da gaur egungo presidenteak AEBen irudi on bat helarazten jakin duela, baina bere jarrerak ez dio ez Ekialde Erdian bakea lortzeko ezta Iranek dituen nuklearrak uzteko balio izan.

Umar Farouk Abdulmutallaben atentatu saiakerak, bestalde, agintariak segurtasun nazionala ahaztuta duela dioten kritikak sustatu ditu. Horrela, terrorismoa bere lehentasunetako bat bihurtu liteke datozen hilabeteetan.

Ekonomia eta krisia

Barack Obama boterera iritsi zenean depresio ekonomiko batean murgilduta zegoen herri bat hartu zuen bere esku, azken 80 urteetan izandako depresiorik handiena zen gainera eta, hortaz, gainditzeko zaila zen oso.

Hamabi urte beranduago, neurri txiki baten bada ere, ekonomia hondotik ateratzea lortu du.

Hala ere, lan mundua herrialdearen arazo handia izaten jarraitzen du. AEBetako langabezia tasa % 10 da, duela 25 urtetik altuena.

Helburu ekonomiko nagusienetako bat 2013rako defizit fiskala erdira jaistea da. Hori lortzeko modu bat zergak areagotzea eta defentsa alorrean gastuak gutxitzea izan liteke.

Horrez gain, bankuek eta finantza erakundeek datozen urteetan "herriak", zergapekoek, emandako 117.000 milioi dolarrak itzul ditzaten zerga berezia jartzea proposatu du. Presidenteak berak esan duenez, % 60 Ameriketako Estatu Batuetako hamar finantza etxe nagusienetatik etorriko da.

Aldaketa osasun zerbitzuan

Osasun zerbitzuko aldaketa Obamaren Gobernuaren politikaren lehentasun legegilea bilakatu da. Ekimen hau aurrerapauso handia da, izan ere, aurretik beste zazpi presidente saiatu ziren hori lortzen, baina ez zuten lortu.

Onartua izanez gero, 1930. urtean Segurtasun Sozialaren Legea onartu zenetik legedi garrantzitsuena izango da.

Guantanamo

Barack Obamaren hautesleen oinarriak, gehienak gazte progresistak eta independenteak, desengainu handia hartu du presidenteak agindutako aldaketa asko bete ez dituela ikusi duelako.

Apurtutako konpromiso horietako bat Guatanamoren itxiera izan da. AEBen base militarrak zortzi urte bete zituen joan den urtarrilaren 11an. Agintariak esan zuen zentroa urtebeteko epean itxiko zuela, baina ez da hala izan.

Gaur arte, presidenteak 44 preso askatu edo lekuz aldatu ditu, baina zentroa beste urtebete izango da irekita. Gainera, Gobernuak Thomson Zentro Zentzategia eskuratuko duela jakitera eman zuen abenduan, orain arte estatuarena baitzen, eta bertan ehun preso baino gehiago hartuko dituzte.

Bere lehen hamabi hilabeteetan, Barack Obamak jarrera erradikalak hartu ez dituen presidente baten irudia eman du. Adituek uste dute agintariak bere agintaldiko datozen urteetan jasoko duen uzta erein duela aurten. Dena ondo joango balitz, fruitu horiek aldaketa migratzailearen lege proiektua eta aldaketa klimatikoaren aurkako akzio plana izan beharko lirateke, aurretik egin gabe gelditzen zaizkion gaiak kontuan hartuta.

Obamak berak esan du langabeziaren edo Iraken eta Afganistanen irekita dituen gerren aurrean iritzi publikoak duen "frustrazioa" ulertzen duela eta bere herrialdeak bizi duen "negu gogorrari" aurre egingo diola adierazi du. Hori horrela den jakiteko, 2011ko urtarrilaren 20an berriz ere atzera begiratu beharko da.

Albisteak (1)

Bideoak (2)