Itxi

Zuhurrak dira

Reala: Aurrena Elx eta gero gerokoak

Ander Altuna

Zubieta

Alacanteko taldearen ondoren Las Palmas hartuko du segidan. Aldagelak hankak lurrean izan nahi ditu uneoro. "Kolpetik sei puntu lortu daitezkeela pentsatzea arriskutsua da", adierazi du Labakak.

Lasarterenak menderagaitzak dirudite Anoetan. Talde fidagarri batean bilakatu dira eta garaipenen zakua puzten dihardute jardunaldien joan etorriarekin. Zortzi daramatza erreskadan eta aintzat hartuz ondorengo bi neurketak Donostian jokatu dituela sailkapenean triskantza egiteko aukera aparta izango du.

Dena den, horretaz pentsatzeak duen arriskuaz ohartarazi du Labaka. "Kolpetik sei puntu lortu daitezkeela pentsatzea arriskutsua da. Hurrengo neurketan pentsatu behar dugu bakar-bakarrik ezin ditugulako hiru puntu baino gehiago eskuratu". Entrenatu ezinik jarraitzen du azpeitiarrak. Kadizen kontrakoa errenka amaitu zuen eta Balaidosen aritzeko iritsi bazen ere arazoak ditu. « Odol bildua dut izterrean Kadizen aurka kolpea jaso nuelako. Ozta-ozta iritsi nintzen azken partidara eta medikuen aginduz geldirik nago”. Bere parte hartzea kolokan dago igandeko lehiari begira. Xabi Prietok ere ezin izan du entrenatu gastroenteritis jota.
Beste alde batetik, Claudio Bravorentzat Balaidosen lortutako hiru puntuak oso onak dira, "une gaziak bizitzea tokatuko zaigulako eta puntu askoko errenta izateak zailtasunak arintzea ahalbidetuko digu".

Azkenik, Realak jakinarazi duenez, Zubietako berdegune nagusiari “Jose Luis Orbegozo” izena jarri diote. Horretaz gain, oroigarria ere jarriko dute.


Albisteak (2)