Jaurlaritzak baieztatuta
Ekonomia aditu talde baten laguntza izango du lehendakariak
Erredakzioa
Talde hori, besteak beste, Josu Jon Imazek (Petronor), Ignacio Sanchez Galanek (Iberdrola) eta Alejandro Echevarriak (Telecinco) osatuko dute, zenbait hedabidek gaur argitaratu dutenaren arabera.
Patxi Lopez lehendakariak aholkulari talde baten laguntza izango du ekonomia gaietan jarraitu beharreko estrategiak zehazteko. Hala baieztatu du gaur Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearteroko gobernu-bileraren ostean.
Agerraldian zehaztu duenez, talde horrek ez du "kudeatze izaera" izango eta bere helburua aholkuak ematea izango da, "Gobernua orientatzea".
Talde horretako kide izango direnen izenak ez ditu eman, oraindik lagun horiekin hitz egiten ari direla argudiatuta.
Alabaina, ''El Correo'' egunkariak gaur argitaratu duenez, talde horretan, besteak beste, Josu Jon Imaz (Petronor), Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), Jose Maria Aldecoa (MCC) edota Alejandro Etxebarria (Tele Cinco) izango dira.
Horrez gain, lehendakariak Juan Manuel Eguiagaray, Claudio Aranzadi edo Luis Atienza bezalako ministro ohiak eta Felipe Serrano, Roberto Velasco edo Ignacio Marco-Gardoqui bezalako ekonomilariak bere alboan nahi omen ditu egunkari horren arabera, baita BBVA eta Confebaskeko ordezkariak ere.