Eustaten datuak
EAEk 3.400 lanpostu sortu zituen 2009ko azken hiruhilabetean
Erredakzioa
Landunen kopurua, hamabi hilabeteren ondoren, % 0,4 hazi zen aurreko hiruhilekoaren aldean. Hala ere, langabeziak beste hainbeste egin zuen gora, % 8,3tik % 8,7ra.
Euskal Autonomia Erkidegoko landunen kopurua % 0,4 hazi zen, hamabi hilabete eta gero, 2009ko azken hiruhilekoan aurreko hiru hilabeteen aldean, hau da, 3.400 landun gehiago zenbatu zituzten, baina langabezia tasa % 8,3tik % 8,7ra igo zen.
Eustat Estatistika Institutuak zabaldutako datuen arabera, landunen kopuruak gizonezkoetan bakarrik egin zuen gora (4.200 gehiago), emakumeen kasuan 700 gutxiago zeuden eta.
Lurraldeka, Bizkaian 4.400 landun gehiago zenbatu zituzten, Araban 100 gehiago eta Gipuzkoan 1.100 gutxiago.
Jarduera sektoreka, industrian 3.200 lanpostu sortu ziren, eraikuntzan 1.700 eta nekazaritzan 800.
Kontrako aldean dago zerbitzuen sektorea, 2.300 lanpostu galdu zituelako, Eustatek zabaldu duenez.
Landunak
Landunen tasa, 16tik 64 urtera arteko pertsona landunen portzentaia, % 65,2ra iritsi zen, aurreko hiruhilekoan baino 0,3 puntu gehiago.
Tasa hori % 72,2ra iritsi zen gizonezkoen kasuan, eta emakumeetan % 58,2an geratu zen.
Lurraldeka, Gipuzkoak du landunen tasa altuena (% 67,2), Araban % 65,5ekoa da, bi kasuetan % 0,2 murriztu zen.
Bizkaian, berriz, tasa baxuena badu ere (% 64), 8 dezima hazi zen iazko azken hiruhilekoan.
Etxebizitzen herena, pertsona aktiborik gabe
2009ko amaieran EtaAEn 841.300 etxebizitza zeudela uste dute, eta horietako hirutik batean ez dago pertsona aktiborik, hau da, lan egiteko moduan dagoenik.
Hamar etxebizitzatik seitan pertsona aktibo guztiak landunak dira, aurreko hiruhilekoan baino 400 gutxiago.
Gainera, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxebizitzak 28.000 dira (% 3,3), 4.600 gehiago, alegia.
Langabezia
Langabeziari dagokionean, tasa % 8,3tik % 8,7ra hazi zen eta urte amaieran 90.400 langabe zeuden, irailean baino 4.900 gehiago.