EBko Presidentetza
Zapaterok "itun sozial handia" proposatu die Hogeita zazpiei
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du gaur Europako Parlamentuan, seihilekoaren programa aurkezteko.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu eta Europar Batasuneko txandakako presidenteak "itun sozial handia" eta politika ekonomiko zorrotzak adostea proposatu die gaur 27 estatu kideei, EB globalizazioaren "ikusle" baino ez izan ez dadin.
Zapaterok agerraldia egin du gaur Europako Parlamentuan, seihilekoaren programa aurkezteko.
Bere hitzaldian gai ekonomikoak jorratu ditu gehienbat. Horren ildotik, energia merkatu bateratua, merkatu digitala, auto elektrikoaren aldeko estrategia bat eta unibertsitateen estrategia gero eta "europarragoak" izatea proposatu du.
Lau proposamen horiekin batera, Zapaterok adierazi du laguntza fiskalei eutsi egin behar zaiela ekonomia suspertu arte.
Estrategia horren baitan, enpresaburuen eta langileen arteko "itun sozial handia" adostu beharko litzatekeela esan du.
Zapaterok jabetza intelektuala ere defendatu du, eta sektore horretan emaitzak epe laburrean ikusiko direla ziurtatu du, lanpostu egonkorrak sortzeko ahalmen handia baitauka.