Itxi

Irudi berria

'Euskadi, goza ezazu', turismoa sustatzeko lelo berria

Erredakzioa

Opor-leku "normalizatu" baten onurak goratu ditu Patxi Lopez lehendakariak, "zital batzuek" Euskadiri eman dioten irudi txarra gaindituta.

Patxi Lopez lehendakariak ''Euskadi, goza ezazu'' lelopean aurkeztu du gaur Madrilen Euskadiren turismo irudi eta lelo berria. Euskal Herriaren turismo erakargarri nagusiak azaltzea du helburu kanpaina honek.

Eusko Jaurlaritzak Madrilgo Burtsaren eraikina aukeratu du irudia aurkezteko. Han izan dira enpresaren, politikaren, turismoaren, komunikazioaren eta kulturaren arloko pertsona ospetsu ugari. Fitur turismo azokak ateak irekitzen dituen egun berean izan da aurkezpena.

Euskal herritarren kultura, nortasuna, geografia, artea, gastronomia, natura eta izaera erakusteko aproposa izango da irudi berria.

Euskal Herriak bizi izandako aldaketa politikoa erakutsi nahi du kanpaina berriak; izan ere, Bernabe Unda Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren hitzetan, "irekia, modernoa eta atsegina" da Euskadi.

Lehendakaria

Euskadi berriaren irudi moderno, unibertsal eta atsegina erakutsi du Patxi Lopez lehendakariak Madrilgo Burtsan, "kapitalaren botere ekonomikoaren ikurrean". "Euskal gizarteak bere buruari aro berri bat eman" diola esan du lehendakariak.

Erkidegoak dastatzeko eskaintzen dituen gauzak zerrendatu ditu agintariak eta helburu "normalizatu" baten ontasunak goraipatu ditu, "zital batzuek" Euskadiri eman dioten irudi txarra gaindituz.

"Euskadi anitz, lehiakor, solidario eta jasangarri bat. Estereotipoetatik eta kondairetatik urrun dagoen Euskadi bat, baina, era berean, bere benetako nortasunari uko egiten ez diona. Bere buruaz, kulturaz eta jendeaz harro den Euskadi bat", azpimarratu du lehendakariak.

Euskadiren "esku adiskideak" herritar guztiak gonbidatu ditu "bere etxera", erantsi du.


Albisteak (1)

Bideoak (3)