Krisi humanitarioa
400.000 lagun Port-au-Princetik kanpora eramango ditu Haitik
Erredakzioa
Kanpamentuetara eramango dituzte, bakoitzak 10.000 lagun hartzeko edukiera izango duelarik. AEBetan sartzen saiatzen diren haitiarrak Guantanamora bidaliko dituztela ohartarazi du bertako Armadak.
Urtarrilaren 12an izan zen lurrikaratik bizirik atera ziren 400.000 bat lagun Port-au-Princetik at eraikiko diren kanpamentuetara eramango dituzte, Haitiko Gobernuak gaur jakitera eman duenez.
100.000 bat lagunen lekualdatzearekin hasiko direla esan du Antoine Bien-Aime Barne ministroak. Kanpamentu batzuk Croix-des-Bouquets hiritik gertu eraikiko dituzte, hiriburutik iparraldera, Metropole irratiaren arabera.
Dagoeneko Nazio Batuen Erakundeko Egonkortze Misioan (Minustah)parte hartzen ari diren kasko urdinak lekualdatzea prestatzen hasi dira.
Bien-Aimek azaldu duenez, kanpamentu bakoitzak 10.000 lagun hartzeko edukiera izango du, baina guztira lurrikararen ondorioz etxerik gabe geratu ziren 400.000 pertsona lekualdatzea espero dute.
Haitiko irratiaren arabera, dagoeneko Gobernuak 30 autobus hartu ditu kaltetuak Port-au-Princeko hegoaldera eta iparraldera eramateko.
Laguntza
Bien bitartean, laguntzak heltzen jarraitzen du eta gaurtik aurrera hiriburuko portutik sartu ahal izango da, izan ere, bi nasa berriz zabaldu dituzte. Gainera, legarrezko bide bat eraiki dute laguntza Port-au-Princen barrena banatu ahal izateko, jakinarazi du CNNk.
Bestalde, AEBetako Armadak kontrolatzen duen hiriburuko aireportuan egoerak hobera egin duela ematen du eta CIAk aipatutako AEBetako Gobernuko iturri batek adierazi duenez, egunero 100 hegaldi heltzen dira, lurrikararen ostean soilik 25 zirenean.
Hainbat pertsona Haititik ihes egitea aztertzen ari dira herrialdea hondakin bihurtu zuen lurrikararen ondorioz . Hori horrela, AEBek jarrera irmoa eta zorrotza agertu dute, eta beren lurraldean ez dutela errefuxiaturik onartuko ohartarazi dute.
Mehatxua are larriagoa da: Haitiko hondamenditik ihesi AEBetan legez kanpo sartzen direnak Guantanamora eramango dituztela ziurtatu du herrialde hartako Armadak, Luis Foncillas Radio Euskadik AEBetan duen berriemaile bereziak informatu duenez.
Hegazkin militarrak ari dira mezua zabaltzen Haitin, bozgorailuen bitartez, eguneko 24 orduetan: "Ez pentsa AEBetan besoak zabalik izango dituzuela. Errefusatu egingo zaituztete eta Haitira itzularaziko zaituztete".
Janet Napolitano AEBetako Barne Segurtasun idazkariak ahaleginak lan humanitarioetatik desbideratzera ez behartzeko ohartarazi die Haitiko herritarrei.
Soldaduek kazetariak egotzi egin dituzte aireportutik
Halaber, AEBetako Armadak Port-au-Prince hiriburuaren aireportutik alde egiteko agindu die nazioarteko kazetariei, "inolako azalpenik eman gabe", berriemaileek eurek azaldu dutenez."Joan den arratsaldean, hiru orduko epean kanpamendutik alde egin behar genuela esan ziguten. Ondoren, epea ostegun honetako 08:00etara [Euskal Herriko 14:00ak] luzatu zuten", azaldu du Fran Sevilla RTVEko berriemaile bereziak.
Kazetariaren hitzetan, "AEBetako militarrek instalazioan egin duten kudeaketak polemika handia piztu du, Mugarik Gabeko Medikuak GKE frantziarrak bere hegazkin batzuei lurreratzeko baimena ukatu zietela salatu eta gero".
Pilar Juarezen gorpua aurkitu dute
Pilar Juarez Europar Batasuneko funtzionario espainiarra hilotz topatu dute Haitin, haren sendiak baieztatu duenez.
Gorpua NBEk Port-au-Princen zuen eraikinaren hondakinen artean atzeman dute, eta ondoren Dominikar Errepublikara eraman dute. Han autopsia egin diote, eta "%100an" bera dela baieztatu dute, Jose Valverde haren senarrak RNEn esan duenez.
Pilarren senarrak ziurtatu du itxaropena atzo galdu zutela.
"Hilik zegoen sentimenduarekin oheratu nintzen", esan du Canarias Radio irrati-katean egindako elkarrizketa batean.
Kanpo Gaietarako Ministerioak atzera egin behar izan zuen igandean, NBEko Poliziak identifikatutako gorpu bat Pilarrena zela esan baitzuen. Azkenean, baina, idenfitikazioa txarto egina zegoen.
Juarez lurrikararen ondorioz Haitin hildako laugarren espainiarra da. Aldez aurretik, Yves Baltroni eta Maria Jesus Plaza senar-emazteak eta Rosa Crespo poliziak aurkitu zituzten hilik.
Bizidunak bilatzeari utzi egin diote
Bien bitartean, erreskate taldeak Haititik ateratzen hasi dira jada. Zortzi egun pasatu dira lurrikara suntsigarria jazo zenetik, eta oraindik norbait bizirik aurkitzeko itxaropenak oso urriak dira.
Adibidez, joan den astean Haitira joan ziren ertzainak bihar, ostirala, itzuliko dira etxera.
Herrialde hartan, zauritutakoei laguntza medikoa ematea da orain lehentasuna.
Elikagaiei eta urari dagokienez, badirudi azken egunetan hobetu egin dutela banaketa sistema, John Holmes Gai Humanitarioetarako NBEk duen idazkariondoko nagusiak ziurtatu duenez.
Horren ildotik, Holmesek zehaztu du 250.000 pertsona artatu dituela dagoeneko Elikagaien Mundu Programak (PAM), eta hurrengo egunetan kopurua handitu egingo dela.
"Bankuak ostegunean hasiko dira lanean, aireportuaren jarduna hobetu egin da eta Haitiko Poliziako 2.000 agente baino gehiago lanera itzuli dira", esan du.
Nolanahi ere, oraindik ere sorospen medikoan arazo larriak daudela gogorarazi du, osasun zerbitzuak gainez baitaude.