Itxi

Neurri berriak hartuko ditu

Obamak gerra deklaratu die bankuei

Erredakzioa

AEBetako presidenteak muga zorrotzagoak jarriko dizkie banketxei, haien finantza operazioen arriskua kontrolatu eta herritarrak babesteko.

Barack Obama AEBetako presidenteak bankuen aurka egin du bart, eta finantza sistemaren erreforma muturreraino eramango duela ohartarazi du.

"Borroka egin nahi badute, borroka egiteko prest nago", adierazi du Obamak, Paul Volcker Erreserba Federaleko presidente ohiarekin eta beste hainbat pertsonarekin batera Etxe Zurian egindako agerraldi batean.

Presidentearen hitzak bat datoz herritarrek bankariekin duten haserrearekin. Izan ere, herrialdeko sei banku handienak osasuntsu daudela jakin da duela gutxi.

Hori horrela, finantza erakundeen tamaina eta ekintzak mugatuko dituela iragarri du Obamak. Beraien dirua inbertitzeko operazioetan muga berriak izango dituzte, Obamak azaldu duenez.

Besteak beste, Paul Volcker AEBetako Erreserba Federaleko presidente ohiarekin eta Chris Dodd Senatuko Banku Batzordeko presidentearekin batera egin du agerraldia Obamak Etxe Zurian. Bankuek hartzen dituzten arriskuak kontrolatzea eta zergapekoak babestea dira neurriaren helburuak, agintariak azaldu duenez.

"Nahiz eta orain duela urtebete baino finantza-sistema sendoagoa izan, porrot egiteko zorian jarri zuten arauek indarrean jarraitzen dute", adierazi du AEBetako buruzagiak.

Banketxeek edo finantza-entitateek arrisku fondoen (hedge fund) jabe izatea, horiekin inbertitzea edo horien babesle izatea ekidingo du proposamenak, Obamak azaldu duenez. Era berean, diru propioarekin Burtsan espekulatzea eragotziko du. Finantza-entitateen tamaina eta sektoreko fusioak mugatuko ditu.

Datozen asteetan Kongresuarekin elkarlanean finantza-sistema erreformatzeko lege-proiektua idatziko dute, kontsumitzaileentzako berme gehiago ezarriz, Obamak esan duenez.

"Ohitura zaharrak"

"Erreformaren kontra diren enpresen ohitura zaharrak ikusten ditudanean sistema aldatzea beharrezkoa dela argi geratzen da. Enpresen mozkin izugarriak ikusi eta enpresa txikiei diru gehiago uzteko edo kreditu txartelen interesak baxu mantentzeko gai ez direla diotenean bezala", erantsi du Obamak.

Azpimarratu duenez, "arduragabekeri horrek erreforma beharrezkoa dela argi uzten du".

Presidentearen agerraldiak New Yorkeko Burtsaren beherakada eragin du berehala.

Bideoak (1)