Balantzea
Googlek krisia saihestu eta 2008an baino % 54 gehiago irabazi du
Erredakzioa
Teknologia alorreko erraldoiak publizitateak eman dion etekinaren indarra erakutsi du horrela. 6.520 milioi dolar garbi irabazi zituen iaz.
Googlek 6.520 milioi dolar garbi irabazi zituen 2009an, aurreko urtean baino % 54 gehiago. Enpresa estatubatuarrak krisia saihestu du eta publizitateak eman dion etekina zeinen indartsua den erakutsi du horrela.
Urte amaieran hobekuntza agerikoa izan zen, laugarren hiruhilekoan 1.970 milioi dolarreko etekina izan zuen, 2008ko epe berean irabazitakoa halako bost.
Fakturazioa % 8 hazi zen 23.650 milioi dolar arte, eta horrenbesteko irabaziak eman dizkion azken hiruhilekoan, hazkundea % 17koa izan zen.
"Mundu mailako ekonomia suspertzeko bidearen lehenengo aldian dagoenez, urte amaiera apartekoa izan da", adierazi du Eric Schmidt Googleren ordezkariak agiri batean.
"2010ean sartzen garen heinean, oso baikorrak gara Interneti dagokionez eta teknologiaren berrikuntzan inbertsio handiak egiten jarraituko dugu, ez gure erabiltzaile eta bezeroentzat soilik, baizik eta sare osoarentzat", gaineratu du.
Iragarkien gaineko klikak
Ordaindutako kliken kopurua, Googleren webguneetako edo kideen webguneetako iragarkien gainean egindako klik kopurua alegia, % 13 inguru hazi zen 2008ko amaieraren aldean, bilatzaile estatubatuarrak azaldu duenez.