Itxi

Iurretara heldu dira

Haitin izan diren ertzainak Euskadira heldu dira

Erredakzioa

Ertzaintzaren erreskate taldeko 18 agente Haitira joan ziren erreskate lanetan laguntzeko. Horietako batek "gehiago egin ahal izan" dutela uste du.

Haitiko lurrikararen ostean uhartera bidali zituzten ertzainak Euskadira itzuli dira dagoeneko. Erreskate taldea 18:30 aldera heldu da Iurretara, Ertzaintzak bertan dituen instalazioetara. Bertan Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ongietorria eman die.

Rafael Iturriaga Segurtasun sailburuordea eta Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendaria hegazkinean etorri dira ertzainekin Torrejon de Ardozeko (Madril) aireportutik.

"Gehiago egin ahal genuen"

Igor Ertzaintzako Erreskate Taldeko 18 kideetako baten hitzetan, "pena handia eman digu Haiti uztea eta gehiago egin ahal genuela uste dugu".

Harreraren ostean, Igor eta Jon ertzainak, Jose Antonio Fernandez Cajigas larrialdietako teknikoarekin batera, prentsaurrekoa eman dute Haitin bizi izandakoa kontatzeko.

Ares

Bestalde, Haitiko "drama" ez ahaztea eskatu dio Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak euskal gizarteari eta uhartean izan diren ertzainen "atsedenik gabeko lana" goraipatu du.

Gasteizko Exekutiboaren eta euskal gizartearen "esker ona" adierazi die sailburuak ertzainei, Haitin "ongi egindako lan profesionalagatik".

"Jendea asko sofritzen ari den hondatutako herrialde baten alde atsedenik gabe" lan egin dutela azpimarratu du Aresek. "Eusko Jaurlaritzak dugun onenarekin lagundu nahi izan du, erreskate taldea", erantsi du.

Adineko andre bat erreskatatu dute

84 urteko emakume bat bizirik atera dute Port-au-Princeko eraikuntza bateko hondakinetatik, dagoeneko lurrikara gertatu zenetik 10 egun pasa direnean, andrea artatu duen medikuak azaldu duenez.

Erreskate taldeek "goizean goiz atera dute. Bera ez zuen erantzuten ia, zauriak eta zizareak zituen gorputz osoan. Ezohikoa da", esan du Vladimir Larouche New Yorkeko mediku haitiar-estatubatuarrak. "Nik artatu eta egonkortu dut. AEBetako Armadak barkuan eraman du", erantsi du.

Berreraikuntzari ekin diote

Hala ere, nazioarteak hondakinen artean bizidunak bilatzeari utzi dio jada. Une honetan, biktimak artatzea eta herrialdea eraikitzen hastea dira lehentasunak.

Atzo bertan, bankuak zabaldu zituzten herrialdeko zenbait tokitan, eta haitiarrak dirua ateratzera joan ziren.

"Ez badut dirua jasotzen gosez hilko naiz. Bi seme-alaba elikatu behar ditut, eta diru barik ezin dut ezer egin", adierazi dio EFE agentziari ostalaritza lokal baten langile batek.

Bankuak zabaltzeak normaltasunera itzultzera du helburu.

Haitiko Gobernuaren plana

Haitiko Gobernua ere martxan jarri da. Horren ildotik, 400.000 pertsona kanpamenduetara eramateko plana iragarri du-
100.000 pertsona lekualdatzen hasiko direla zehaztu du Antoine Bien-Aime Barne ministroak. Kanpamentu batzuk Croix-des-Bouquets hiritik gertu eraikiko dituzte, hiriburutik iparraldera, Metropole irratiaren arabera.

Dagoeneko Nazio Batuen Erakundeko Egonkortze Misioan (Minustah) parte hartzen ari diren kasko urdinak lekualdatzea prestatzen hasi dira.

Bien-Aimek azaldu duenez, kanpamentu bakoitzak 10.000 lagun hartzeko edukiera izango du, baina guztira lurrikararen ondorioz etxerik gabe geratu ziren 400.000 pertsona lekualdatzea espero dute.

Haitiko irratiaren arabera, Gobernuak 30 autobus hartu ditu dagoeneko kaltedunak Port-au-Princeko hegoaldera eta iparraldera eramateko.

Orain, herrialdera ia zerotik eraikitzera

NBE ere larrialdi egoeratik herrialdea berreraikitzeko unera pasatu da.

Ban Ki-moon idazkari nagusia Bill Clinto AEBetako presidente ohi eta NBEk Haitin duen ordezkariarekin batzartu da ostegun honetan, hurrengo fasea prestatzeko.

Banek iragarri du John Holmes Gai Humanitarioetarako idazkariorde nagusia eta Helen Clarck Garapenerako Programaren administratzailea joango direla astelehenean Montrealen Haitiri buruz egitekoa den goi-bilerara.


Albisteak (4)

Bideoak (4)