Igandean, 17:00etan
Reala-Elx: Hiru berrikuntza
Ander Altuna
Zubieta
Aranburu, Zurutuza eta Esnaola zerrendan dira Prieto, Labaka eta Vigueraren ordez. Songo'o, berriz, astelehenean hasiko da entrenatzen eta asteartean aurkeztuko dute Anoetan.
Neurketa aurreko saioa burutu du Realak Zubietan. Entrenamendu arina izan da eta jarraian aukeratuen zerrenda ezagutarazi du Martin Lasarte entrenatzaileak. Xabi Prieto eta Labakaren hutsuneak lehenagotik ere jakinak zirenez, ez da aparteko berrikuntzarik egon. Aranburu eta Zurutuza itzuli dira, zigorra bete eta lesioa gainditu ostean hurrenez hurren, eta Josu Esnaola atzelari gaztearen izena irakur ziteken estrainekoz. Min hartutakoez gain, Viguera eta Sarasola geratu dira kanpoan.
Uruguaiarrak burua estutu behar izan du hasiearako taldea osatzerakoan. Laugarren astez segidan atzeko lerroa birmoldatu behar izan du eta aspaldiko partez Realak ez du hiru zentralekin jokatuko, birekin baizik. Martinez, Ansotegi, Gonzalez eta De la Bella dira hautatuak. Zelai erdian berriz, Elustondok eta Rivasek egingo dituzte euskarri lanak. Haien aurretik, Nsue, Aranburu eta Griezmann arituko dira eta erdiko aurrelaria Agirretxe edo Bueno izango da.
Songo''o izango da fitxaketa bakarra
Osasun azterketa igaro ostean sinatu du kontratua 22 urteko kamerundarrak. Utzita arituko da denboraldia amaitu arte eta orduan Zaragozari jokalaria erosteko aukera izango du Realak. Iaz 26 partida jokatu zituen gol bakarra sartuz. Erasorako jokalaria da, azkarra eta indartsua, eta hegaletatik moldatzen da hobekien. Asteartean aurkeztuko dute Anoetan.