Itxi

BBVA Liga

Deportivo-Athletic, (3-1): Barkatzen duenak ordaindu egiten du

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Zuri-gorriek lehen zati bikaina egin dute, baina ez dute golik sartu. Epaileak bi gol baliorik gabe utzi dizkie bizkaitarrei eta ez du Toquerori eginiko penalti argi bat adierazi.

Athleticek 3-1 galdu zuen Riazorren Deportivoren aurka lehen zatian aurkaria goitik behera menderatu ondoren.

Partidari hasiera ona eman zion Athleticek. Jaun eta jabe izan ziren zuri-gorriak eta norgehiagokako lehen aukera 3. minutuan etorri zen. Llorentek buruz errematatu zuen Yesteren erdiraketa eta Aranzubiak aldendu egin zuen, baina Iraolari erori zitzaion baloia, baina honen burukada langa urratuz kanpora joan zen. Ondoren epailea izan zen protagonista. 13. minutuan Javi Martinezek gola sartu zuen, baina epailearen ustez Toquerok aurrez falta egin zuen. Epaileak ez zuen arrazoirik izan jokaldi honetan. Bi minutu beranduago Toquero izan zen golegile, baina Estrada Fernandez epaileak gol hau ere baliorik gabe utzi zuen Athleticeko aurrelaria jokoz kanpo omen zegoelako.

Caparrosen mutilak ez ziren geratu eta erasoan ekinean jarraitzen zuten. Llorentek jokaldi polita egin zuen 17. minutuan, baina bere jaurtiketa gurutzatua zutoinaren ondotik kanpora joan zen. Deportivok aukera bakarra izan zuen. 40. minutuan Adrianen jaurtiketa kanpora joan zen. Atsedenaldira iritsi aurretik Aranzubiak eragotzi zuen Athleticen gola Javi Martinezen erremateari erantzun bikaina emanez. Hainbat aukera zuri-gorrientzat, baina 0-0ekoarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi eta bere ahala Filipe Luisek Iraizozen hutsa aprobetxatu zuen eta 1-0ekoa sartu zuen. Jokaldi berean Filipe Luis lesionatu egin zen. Gola hartu ondoren Athleticek lo jarraitu zuen eta Jucak 60. minutuan 2-0ekoa sartu zuen. Bere jaurtiketak San Joserengan jo zuen eta Iraizoz gainditu zuen.

Bigarren gola hartu ondoren Athleticek ez zuen erreakzionatu, baina 80. minutuan Colottok bere atean sartu zuen gola eta horrek esperantzak eman zizkion talde zuri-gorriari. Ondoren epaileak ez zuen Aranzubiak Toquerori eginiko penalti argi bat adierazi eta 89. minutuan Pablo Alvarezek 3-1ekoa sartu zuen.

Azkenean, Athleticek 3-1 galdu zuen eta horrela itxi du lehen itzulia. Gainera Javi Martinezek eta San Josek ez dute Ligako hurrengo partida jokatuko txartelengatik. Espanyol izango du aurkari Athleticek datorren igandean.

Fitxa teknikoa:

3 - Deportivo: Aranzubia; Manuel Pablo, Colotto, Lopo, Filipe Luis (Laure; 52. min); Juca, Antonio Tomas; Pablo Alvarez, Juan Dominguez (Valerón; 46. min), Adrian; eta Bodipo (Ivan Perez; 69. min).

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Koikili (Gabilondo; 62. min); Susaeta, Javi Martinez, Orbaiz (Iturraspe; 74. min), Yeste (Muniain; 62. min); Llorente eta Toquero.

Golak: 1-0; 49. min, Filipe Luis. 2-0; 59. min, Juca. 2-1; 79. min, Colotto bere atean. 3-1; 89. min, Pablo Alvarez.

Epailea:&' || 'nbsp;Estrada Fernandez.

Horrela bizi izan dugu Athleticen partida eitb.com-en.