Itxi

Irak

36 lagun hil dira Bagdagen, hiru hotelen aurkako atentatuetan

Erredakzioa

Beste 71 lagun zauritu dira Sheraton, Babel eta Hamra hotelen aurkako leherketetan. Bestalde, Ali Hasan al Mayid, Ali Kimikaria esaten ziotena, urkatu du Irakeko Justiziak.

Gutxienez 36 lagun hil dira eta 71 zauritu Bagdageko erdiguneko hotelen aurkako hiru atentatu izan eta gero, horrela adierazi diote Eferi segurtasun zerbitzuetako iturriek.

Iturri horiek erasoak Yadria auzoko Babel hotelaren aurka eta Fardus plazan kokatuak dauden Sheraton eta Palestina hotelen aurka izan direla jakinarazi dute.

Atentatuaren ondorioz, inguruko hainbat etxe eraitsi egin dira eta bizirik dirauenen bila dabil polizia.

Leherketako bat Ishatar Sheraton (Tigriseko ibaiertzean) hotelaren sarreran gertatu da.

Bigarren leherketa Babylon hoteletik gertu izan da. Hotel hau Irakeko bidaiariek erabiltzen dute batez ere, eta zenbaitetan Gobernuko bileratarako erabiltzen dute.

Poliziaren arabera, azken leherketa Al Hamra hotelean gertatu da; bertan, mendebaldeko kazetari ugari egoten dira. Lekuko baten hitzetan, eraikinak kalte handiak jasan ditu.

Ali Kimikaria urkatu dute

Bestalde, Irakeko Justiziak Ali Hasan al Mayid, Ali Kimikaria esaten ziotena, hil du gaur, Irakeko telebistak jakitera eman duenez. Lau heriotza-zigor zeuzkan bere gain, gizateriaren aurka egindako krimenengatik guztiak.

Al Iraquiya telebistari exekuzioaren berri eman dio Ali al Dabag Irakeko Gobernuko bozeramaileak, legeari jarraituz, baina hiltzeko erabili duten sistema ez du zehaztu.

Hala ere, Ali Kimikaria urkatu egin dutela azaldu du Al Iraquiyak, 2006ko abenduaren 30ean Sadam Husein hiltzeko erabili zuten sistema berdina.


Bideoak (1)