Itxi

Pandemia

A gripearen kudeaketan interesek eragin zutenik ukatu du OMEk

Erredakzioa

AH1N1 birusari buruz hartutako erabakietan "farmazia-industriaren eraginik izan ez" dela esan du Osasunaren Mundu Erakundeak.

A gripearen pandemia kudeatzeko orduan botere ekonomikoek eragin zutenik ukatu du gaur Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta bere adituak eta laguntzaileak interesen gatazketan eror ez daitezen zaintza mekanismoak dituela azaldu du.

Europako Kontseiluak salaketak aztertzeko egingo duen batzarraren bezperan, OMEk adierazpen bat igorri du eta AH1N1 birusari buruzko erabakietan "farmazia-industriaren eraginik izan ez" dela adierazi du.

Azken asteetan, osasun erakundeak kritika ugari jaso ditu, mehatxua handitu eta beldurra zabaldu zuelako duela sei hilabete pandemia ezarri zuenean. Denbora errekorrean txertoa produzitzea eta gobernu ezberdinek erostea ekarri zuen horrek.

Zaintza

"OMEren aholkularitza taldeen eta adituen batzarren arteko interesen gatazkak gobernatzeko zaintza mekanismo ugari" direla azaldu du erakundeak.

Era berean, pandemia ezartzeko faktoreen artean hurrengoak aipatu ditu OMEk: AH1N1 birusa beste gripe batzuekin alderatuta oso ezberdina zela argi utzi zuten laborategietan egindako azterketek eta, horrez gain, gaixotasun larriak eta heriotza eragin zitzakeen.

Birusaren hedapena "oso azkarra" izan zela azpimarratu du OMEk, eta horrek "munduan pandemia bat" dagoela argi uzten du. Horregatik, pandemia "fartsa bat" izan dela dioten akusazioek arduragabetzat eta okertzat jo ditu.

Albisteak (1)