Itxi

Lehendakaritza

'Irekia', Eusko Jaurlaritzaren atari berria

Erredakzioa

Herritarren parte-hartzea bultzatu eta Administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetu nahi du webgune berriak.

Patxi Lopez lehendakariak ''Irekia'' Eusko Jaurlaritzaren atari berria aurkeztu du gaur, Administrazio "partehartzaile eta gardenago bat" bultzatzeko helburuarekin. Horrela, gizartearekin lankidetza bide bat gauzatu eta "erabaki publikoetan herritarren erantzukizuna sustatu" nahi dute.

Ehun bat lagun izan dira aurkezpenean, Lehendakaritzan, Gasteizen. Ekitaldia Internet bidez jarraitu ahal izan da eta bertaratutakoen galderei erantzun behar izan diete Lopezek eta sailburu batzuek.

''Irekia'' egitasmoaren bidez, "erabaki publikoetan herritarren erantzukizuna sustatu" nahi dute. "Bere bulegoan itxita, errealitatetik at bizi den gobernaria ez dugu izan nahi", esan du lehendakariak.

"Herritarrak entzun"

Herritarrak "entzuteko bide iraunkorrak" mantendu nahi ditu Euskal Exekutiboak, "eta ez bakarrik lau urterik behin, botoa hautestontzian sartzen dutenean soilik, entzutea". "Politikaria eta herritarra maila berean" jartzeko borondatea azaldu du Patxi Lopezek, nahiz eta bakoitzak bere "erantzukizunak" izan.

Komunikazio kanal honen bidez, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte "guztiak batera gure politikak hobetzeko", Lopezek azaldu duenez. Jaurlaritzak "jendearentzat eta jendearekin" gobernatu nahi duela goraipatu du lehendakariak.

Exekutiboaren gardentasunari lagunduko dio atariak, Jaurlaritzaren ekintzen berri "zuzenean" eta "oztoporik gabe" izango baita. Gainera, herritarren parte-hartzea erraztuko du.


Bideoak (2)