Krisi ekonomikoa
Klase ertainarentzako neurriak proposatu ditu Obamak
Erredakzioa
AEBetako presidentearen hitzetan, "denbora luzez erasopean izan den" klase ertainari laguntzea dute helburu neurriek. Klase ertainak "krisi ekonomikoaren eragina jasan du", Obamaren esanetan.
Klase ertainari laguntzeko neurri multzo bat iragarri du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak, besteak beste, seme-alaba bakoitzeko zerga-arinketa handitzea.
Joe Biden presidenteordearekin batera egin du agerraldia Obamak. Klase Ertainaren Lantaldeak egindako bileran, Etxe Zurian, izan dira biak. Agintariaren hitzetan, "denbora luzez erasopean izan den" klase ertainari laguntzea dute helburu neurriek, klase ertainak "krisi ekonomikoaren eragina jasan" baitu.
Gaur iragarritako neurrien artean, seme-alaba edo mendeko senide bakoitzeko zerga-arinketa handitzea. Gainera, arinketa hori bikoiztu egingo da, 85.000 dolar baino gutxiago irabazten dituzten familien kasuan. Haurrak zaintzeko 1.600 milioi dolar izango dira aurrekontuan.
Lanpostuen sorrera
Besteak beste, Hilda Solis Enplegu idazkariak eta Timothy Geithner Altxor idazkariak parte hartu dute Lantaldean. Hala eta guztiz ere, lehentasun nagusia lanpostuak sortzea izango dela goraipatu du Obamak.
"Kalitatezko lanpostuak sortzea da klase ertainari laguntzeko egin dezakegun gauzarik onena", azpimarratu du. Izan ere, langabezia-tasa orokorrean % 10ekoa da, baina komunitate hispaniarraren artean % 12,9koa da.