Itxi

Auzitegi Nazionala

'Elurra' taldeko kideentzat 33 urteko kartzela-zigorra eskatu dute

Erredakzioa

Igor Portu, Mattin Sarasola, Mikel San Sebastian eta Joseba Iturbide ETAko ustezko kideak Madrileko AZCA merkataritza zonan ustez bonba-auto bat jartzen saiatu ziren 2007an.

30 eta 33 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko ''Elurra'' taldeko ustezko lau kideentzat - Igor Portu, Mattin Sarasola, Mikel San Sebastian eta Joseba Iturbide -, 2007an, Madrilen, AZCA merkataritza zonan ustez bonba-auto bat jartzen saiatzeagatik.

Horrela eskatu du Ministerio Publikoak Auzitegi Nazionaleko zigor arloko salaren aurrean, idazki baten bidez. ETAko ustezko kideak sala horrek epaituko ditu, hain zuzen ere.

Ekintzak terroristak egiteko konspirazioa egiteaz gain, talde armatuko kide izatea egotzi die fiskalak, baita lehergailuak izatea ere. Porturi eta Sarasolari arma terroristak izatea leporatu die ere, horregatik bakoitzarentzako 33 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

AZCAn atentatua egiteko, fiskalaren idazkiaren arabera, Portuk Kia Picanto auto bat alokatu zuen Irunen (Gipuzkoa). Auto horrekin ''Elurra'' taldeko lau kideak Madrilera joan ziren Zaragozatik 2007ko abenduaren hasieran, "bonba-autoa non jarri begiratzeko".

Atxiloketak

Bonba-autoa El Corte Ingles eta BBVAren eraikuntzen artean dagoen aparkalekuan jartzea erabaki zuten, baina ez zuten lortu, Portu eta Sarasola 2008ko abenduaren 8an, Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotu zituztelako, furgoneta batera igotzera zihoazenean. Iturbide eta San Sebastian Frantzian, 2008ko otsailean, atxilotu eta apirilaren 22an Espainiari entregatu zituzten.