Polizia-operazioa
ERREAKZIOAK: PSE-EEk eta PPk txalotu egin dituzte atxiloketak
Erredakzioa
Ertzaintzak egindako atxiloketen ostean, EAJ zuhur agertu da eta leporatzen zaiena frogatuko dela espero du. PSEk esan du "albiste zoragarria" dela.
Ertzaintzak Ondarroan, Deban eta Mutrikun ETAren kontra egindako operazioaren (bost lagun atxilotu dituzte komando bat osatzea leporatuta) harira, alderdi politikoek ez dute itxaron gertatutakoari buruzko iritzia emateko.
Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, Ertzaintzak atxilotutakoei leporatzen diena frogatzen badute "lana ongi egina izango da", izan ere, egozten dizkieten ekintzak "oso larriak" dira.
"Ekintza horiek oso larriak izan ziren. Azken bi edo hiru urteetan ekintza gogorrak izan dira, eta horien ardura atxilotutakoena bada, Ertzaintzak bere lana ongi egin duela uste dut", azpimarratu du buruzagi jeltzaleak.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak "albiste zoragarri"tzat jo du ETAko ustezko bost kide atxilotzea eta gustura agertu da Ertzaintzak, "urte askoren ondoren", komando bat atxilotu izana. Haren arabera, atxiloketek "zerikusi handia" dute terrorismoaren kontrako taldearen sorkuntzarekin.
Pastorren esanetan, "beti da ona euskal herritarrentzat" ustezko hiltzaileak atxilotzea, beti ere "delituak egin dituztenean edo egiten ahalegindu direnean".
Bestalde, Leopoldo Barreda EAEko PPren bozeramaileak esan du ETAren kontrako operazioa "beste pauso bat" dela "terroristak garaitzeko" eta azpimarratu du Ertzaintzak azken urteotan ETAren kontra egin duen ekintza "garrantzitsuena" izan dela.
Barredak Ertzaintza zoriondu du "atentatu larrien egileak" atxilotu dituztelakoan, Ondarroako Ertzaintzaren komisariaren kontra 2008an egindako erasoari erreferentzia eginez.
Mikel Arana Ezker Batua-Berdeaken idazkari nagusiak "albiste on"tzat jo du polizia-operazioa eta gogor kritikatu ditu atxiloketak Gobernu aldaketarekin, edo Ertzaintzaren Terrorismoaren Kontrako Taldearekin, "lotzen" dituztenak.
Prentsa ohar batean, Aranak esan du "ETAren komando bat indargabetzea lortu badute" Ertzaintza zoriondu behar dela, "pertsonen kontrako atentatuak egiteko asmoa dutenak zirkulaziotik kentzea dakarrelako".
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak zorionak eman dizkio Ertzaintzari polizia-operazioagatik eta esan du atxiloketek agerian utzi dutela "ezker abertzale erradikalaren baitan ustez ireki den barne eztabaida marketing politiko hutsa dela".
Prentsa-ohar batean Maneirok esker ona agertu dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari, "urtetan gure poliziak talde hiltzailearen kontra ezer egin ez duelako".
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak oso begi onez ikusi du Ertzaintzaren polizia-operazioa eta euskal gizartea orain "babestuago eta libreago" sentitzen dela uste du.
Prentsa-ohar batean azaldu duenez, "euskal gizartearen babesa du" operazioak.