Itxi

Polizia operazioa

Aresek Ondarroako atentatuan parte hartzea egotzi die atxilotuei

Erredakzioa

Herrizaingo sailburuaren arabera, "argi eta garbi" dago atxilotuek Ondarroako Ertzain-etxearen aurkako atentatuan parte hartu zutela. Ertzaintzak pistola bat eta lehergailu kilo erdia aurkitu ditu.

Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Bizkaian eta Gipuzkoan, ETAko kide ''legalak'' (Poliziak fitxatu gabekoak) izatea eta talde bat osatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak prentsaurrekoan informatu duenez, atxilotutakoak honakoak dira: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Xeber Uribe, Iñaki Esnaola eta Jabier Zubizarreta. Hain zuzen ere, Ondarroan (Bizkaia), Deban eta Mutrikun (Gipuzkoa) atzeman dituzte.

Ertzaintzak pistola bat eta lehergailu kilo erdia (pentrita) aurkitu du gaur goizean egin dituen miaketetan. Atxiloketak Ondarroan (Bizkaia), Deba eta Mutrikun izan dira.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak goizaldean egin duen operazioaren irudiak banatu ditu. Irudietan bi atxilotuen etxeetan egin duten sarrera ikusten da. Ertzaintzak berak grabatutako irudiak dira, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Aresen arabera, "argi eta garbi" dago atxilotutakoek Ondarroko Ertzain-etxearen aurkako atentatuan parte hartu zutela. Halaber, Azpeitiko errepikagailuaren eta Abiadura Handiko Trenaren obra batzuetako makinen aurka egin izana ere egotzi dizkie.

2008ko irailaren 21ean, ETAk 100 kilo lehergai zituen auto bat eztandarazi zuen Ertzaintzak Ondarroan duen komisarian, eta ondorioz 11 pertsona zauritu zituen, tartean hiru ertzain.

Bonba lehertu baino lehen, baina, atentatuaren egileek molotov koktelak jaurti zituzten eraikinaren aurka, agenteak kanpora atera zitezen eta eztandak bete-betean harrapa zitzan.

Rodolfo Aresek gogorarazi du "ertzainen lan onak" galarazi zuela biktimak egotea.

Ertzaintzak uste du atxilotutakoak ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak eta bizimodu arrunta zutenak) talde bat osatzen zutela, baina ETAko kide ''liberatuentzat'' (Poliziak fitxatutakoak eta ETAk soldatapean dituenak) lan egiten zutela.

Operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak koordinatu du, eta oraindik zabalik dago. Horrenbestez, ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea hurrengo orduetan.

Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuak Ertzaintzan sortutako talde antiterrorista berriaren lehen operazioa izan da gaurkoa. Dena dela, Herrizaingo Sailak zehaztu du operazioa oso handia izan dela eta beraz EAEko Poliziaren talde guztiek hartu dutela parte.

Rubalcaba

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Ertzaintza zoriondu du, ETAren kontrako operazioan izandako "arrakastagatik".

Estatuko segurtasun indar guztiek "ETA amaitu arte elkarlanean jarraituko dute", Rubalcabaren hitzetan.

Operazioaren berri "momentu oro" izan duela adierazi du ministroak.

Eusko Jaurlaritza

Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "garrantzitsu"tzat jo du Ertzaintzak ETAren aurka gaur gauzatu duen operazioa, eta nabarmendu du Exekutiboak ez duela inoiz zalantzan jarri EAEko Poliziak ETAren aurka duen "konpromisoa", "ez atzo, ez gaur, ez bihar". EAJk, PSE-EEk eta PPk txalotu egin dituzte atxiloketak ere.

Atxilotu bat elkarretaratze batean

Ertzaintzak lagun bat atxilotu du arratsaldean, Ondarroan, ezker abertzaleak deitutako elkarretaratze batean izandako istiluetan.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxiloketa 19.30 aldera egin dute. Zenbait lagunek edukiontziak kaleetan gurutzatu dituzte eta Ertzaintzak kargatu egin du elkarretaratzea desegiteko.

Istiluetan agenteek lagun bat atxilotu dute desobedientziagatik eta identifikazioa ukatzeagatik.


Albisteak (4)

Bideoak (3)