Itxi

Aurkezpena

Songo'o (Reala): "Ez nator inorekin lehiatzera, laguntzera baizik"

Ander Altuna

Zubieta

Jokin Aperribaik esan duenez, milioi bat euroren truke kamerundarra fitxatzeko aukera izango du talde txuri-urdinak ekainaren 30 baino lehen.

Gaur goizean jantzi du aurrenekoz elastiko txuri-urdina Franck Songo''ok Anoetan. Lehenik eta behin, garbi utzi nahi izan du ez datorrela inor ordezkatzera, berea ematera baizik Realak helburua lor dezan. "Xabi Prietoren lesioa kaltegarria da taldearentzat. Ni ez nator harekin mokokan jardutera. Bat gehiago naiz. Hamaikakoan tokia egin nahi dut eta helburua eskuratzen lagundu". Horrela definitu du bere burua: "Jokalari erasokorra naiz, azkarra, buruz burukoan iaioa eta goleko paseak ematea gustuko dut". Iaz 26 neurketa jokatu zituen Zaragozarekin. Aurten berriz, bere parte hartzea hutsaren hurrengoa izan da. Haatik, pedal kolpe egokian iritsi delakoan da. "Fisikoki ongi nago eta entrenatzaileak nahi izanez gero Las Palmasen kontra jokatzeko prest". Zazpi zenbakiarekin jokatuko du.

Entrenatzaile taldea konbentzitzea lortzen badu, jokalaria fitxatzeko aukera izango du Realak. Horretarako, milioi bat euro ordaindu beharko dizkio Zaragozari uztailean sartu baino lehen. Hori da Aperribai presidenteak baieztatu duena. Beste alde batetik, kirol zuzendari Lorenek adierazi duenez, kamerundarraren ailegaerak ez omen du zerikusi zuzenik Prietoren lesioarekin. "Egituratutako multzoa osatzea falta zitzaigun. Bere atzetik genbiltzan lehenagotik ere. Abuztuan fitxatzen ahalegindu ginen. Urtarrilean bi lesio izan ditugu eta horrek zer pentsatua eragin digu. Badaude kontrolatu ezin daitezkeenak. Ez da beste fitxaketarik izango", dio Lorenenek. Taldearen ibiliaz galdetuta, "harro baino harroago" dagoela erantzun du jokalari ohiak, "aurreikuspenik baikorrena txiki geratu baita".

Ateak irekita entrenatuko dute Zubietan txuri-urdinek 16:00etatik aurrera.

Albisteak (1)